Osasuna

Osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioa egin dute Iruñean

Nafarroako Osasun Plataformak antolatutako protesta izan da, 'Osasungintza publikoa defenda dezagun' aldarria lehen lerrora ekarrita

arantxa iraola
2022ko otsailaren 18a
20:00
Entzun

Gaur 19:00etarako zuen deia eginda Nafarroako Osasun Plataformak, eta izan du segida. Ehunka pertsona elkartu dira Iruñean Osasungintza publikoa defenda dezagun mezua aldarria ozentzera, eta, helburu hori gogoan, osasun sistema publikoan ari diren profesionalen lan baldintzen aldeko mezuak ere plazaratu dituzte. Eragile ugarik egin dute bat protestarekin; tartean osasun sistema publikoan ordezkaritza duten sindikatuek.
Aspaldiko kezka da osasun sistema publikoaren sendotasunaren gainekoa, eta izurriarekin batera areagotu egin da. Besteak beste, lan taldeak trinkotzeko eta handitzeko eskatu dute gaurko manifestazioan, eta murrizketak bertan behera uzteko. Nahi dute, era horretan, bermatu ahal izatea lanpostu egonkorra duten profesionalek artatuko dituztela pazienteak. Pandemiak osasun sistema publikoa indartzeko «aukera» izan behar lukeela argudiatu dute, baina ez dela baliatu.

Izurriarekin arta telematikoak asko zabaldu dira, eta pazienteekin jarduteko era horiei neurria hartu behar zaiela uste dute osasun plataformako kideek: bide horretan, aurrez aurreko arta berriz indartzeko ere eskatu dute, eta ratio «errealak» eskatu dituzte, profesional bakoitzak behar adina denbora eskaintzeko paziente bakoitzari. Bide horretan eskatu dute, baita ere, administrazioko langileak gehitzea, kalitatezko arreta bermatzeko. Lehen mailako artako egoerari ari zaizkio erreparatzen, bereziki. Izurriari aurre egiteko egin behar izan diren lanen ondorioz, egin beharrekoak «biderkatu» egin dira osasun zentroetan, eta horrek ekarri duen egoeraren araberako neurriak behar direla uste dute.

Osasun sistema publikoa behar bezala babeste aldera, osasunaren «negozio pribatuaren finantzaketa aurrekontu publikoekin» egiteari uzteko ere eskatu dute, eta «sistema publiko soziosanitario bat integratzea eta garatzea» ezinbestekoa dela adierazi dute.

Manifestazioaren amaieran irakurri duten oharrean nabarmendu duten Nafarroak behar duela osasun lege berri bat; osasun sistema publikoa «blindatzeko eta hobetzeko» giltza izan beharko lukeela uste dute, eta lege hori ontzeko prozesuan gizarteko hainbat eragilek hartu behar luketela parte. Izan ere, egun hainbat «behar» bete gabe daudela uste dute, eta horiek ere aintzat hartzeko bidea egin behar dela, herritarrei hitza emanda. Osasun Departamendura egun bideratzen diren diru sailak ez direla hazi deitoratu dute, eta horrek osasun sistema pribatua hauspotzea eta trinkotzea dakarrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.