Lazaro Elizalde

«Politikariek hitz egin bai, baina ekin, ez diote ekiten»

Izurriteak are gehiago sakondu ditu lehendik ere osasun sisteman ziren zuloak; Nafarroako Osasun Plataformako Lazaro Elizaldek ez du dudarik horretan. Taldeak manifestaziora deitu du gaurko: 19:00etan, Iruñean.  

Lazaro Elizalde. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko otsailaren 18a
15:23
Entzun

Ahoskatzen dituen hitzetan ez ezik, elkarrizketarako aukeratutako janzkeran ere argiki erakusten du Lazaro Elizaldek (Iruñea, 1953) bere aldarria: Osasungintza publikoa, bai noski dioen txapa du paparrean jarrita, harro. Nafarroako Osasun Plataformako kide izaki, gaurko topaketari zuzendua du begirada Elizaldek: manifestazioa eginen dute Iruñean, 19:00etan Baluarten hasita. Osasun langileen baldintzak hobetzea eskatuko dute, batik bat.

Gaur egun, zer sumatzen da osasun zentro batera sartutakoan?

Egoerak bi alde ditu. Batetik, erabiltzaile gisa joaten bazara, zentroa hutsik ikusten duzu. Irudi du jende gutxi dela bai lanean, baita arta jasotzen ere. Baina, jakina, hori ez da errealitatearen isla fidela. Zergatik gertatzen da hori? Izurritearen ondorioz ezarritako segurtasun neurriak direla eta, jendeari txandaka ematen zaio ordua, eta, gainera, iragazkiak handiak dira; denak ez dira zentroetara joaten. Kanpotik ez da arazoa ikusten, baina hortxe da.

Telefonoa gainezka da, beraz?

Bai. Segun eta zer neurritakoa den oinazearen larritasuna, kontsultak telefono bidez egiten dira. Lan handia da hori kudeatzea. Horrek guztiak ikaragarri handitu du, besteak beste, administrarien lana. Lehendik ez zituzten egiteko batzuk esleitu zaizkie orain. Maiz, haiek neurtu behar izaten dute pazientearen premia, eta, horregatik, tentsio uneak ere izaten dira. Jendeak beti ez die administrariei kontatu nahi izaten zer gertatzen zaien. Medikuekin hitz egin nahi dute.

Argi diozue: lehen arreta da krisialdiak zigortuena. Zergatik?

Herritarren erreferentziazko lehenbiziko profesionalak osasun etxeetan daude. Duzun oinazea edozein izanda ere, beti pasatu behar duzu hortik. Ratioak handiegiak ziren lehendik ere, eta, orain, pandemiarekin, bistan da lana izugarri biderkatu zaiela, eta ez bakarrik COVID-19a detektatzeko probekin edo txertoekin.

Beste zertan zamatu da lana?

Adibidez, jakina denez, ebakuntza asko atzeratu egin dituzte pandemian. Atzerapen horien eraginak jasan behar dituztenei, noski, abisatu egin behar zaie, eta mediku eta erizainek egin behar dute hori. Gainera, kontuan izan behar da osasun etxeetan lehen aritzen ziren langile asko beste eginkizun batzuetara lekualdatu dituztela pandemia larriagotu heinean. Azken batean, zera gertatu da: lan gehiago egin behar dute, gutxiagoren artean.

Gabeziak, ordea, ez dira izurritean azaldu. Noiz sortu ziren?

Lehen arretan, sistemak ez du inoiz bermatu legeak agintzen duen hori. Zerbitzua sekula ez da aski izan. 2008ko krisialdiaren harira, zer esanik ez. Lantaldeak murrizten hasi ziren, eta joera horrek gaur egunera arte iraun du. Jendeak erretiroa hartzen zuen, baina husten ziren hamar postutatik bakarra baizik ez zen betetzen langileak kontratatuz. Bestalde, beste datu batzuk ere kezkagarriak dira: osasungintzako langileen %60k behin-behineko kontratuak dituzte.

Zer moduz daude langileak?

Harrigarria da nolatan ez diren askoz okerrago. Oso jende ona dugu gure sisteman, profesional bikainak dira, eta ardura handiz jokatzen dute. Batzuek porrot egin dute bidean, bai, baina beste askok eutsi ahal izan diote erritmoari, nahiz eta baldintzak kontra eduki. Oporraldirik gabe, ia atsedenik gabe.

Aitortzen zaio behar adina garrantzia lehen arretari, ala bigarren mailakotzat jo ohi da?

Ospitaleetan makineria ongi olioztatua egoten da. Erietxera azaltzen zarenean, normalena da dena di-da batean egitea. Oro har, gauzak nahiko arintasunez egiten dira, eta erabiltzaileak pozik izaten dira zerbitzuarekin. Ez da harritzekoa, osasungintzara bideratzen diren baliabide gehienak ospitaleek irensten baitituzte. Normalean, hobekuntzak ez dira ailegatzen lehen arretako zentroetara. Horri dagokionez, argi dago ez direla jarraitzen nazioarteko erakundeen gomendioak.

Zein dira aholku horiek?

OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio osasungintzarako bideratua dagoen aurrekontuaren %25 inguruk lehen arretarako izan behar duela; hemen, %15 da. Adibidez, makina sofistikatuak ospitaleetara bidaltzen dira, eta hango profesionalak osasun etxeetakoak baino aski hobeki hornituak egoten dira. Botiketan ere ikaragarri gastatzen da ospitaleetan, nahiz eta maiz horien baliagarritasuna ez den oso garbi izaten, hau da, kalkuluak ez dira behar bezala egiten. Batzuek diote ospitaleetako gastuaren %40 inguru eraginkortasunik gabea dela, xahutua, alegia.

Nafarroako eremuetatik, zeinetan da larriena egoera?

Ez naiz ausartzen esatera egoera non den latzagoa, baina egia da plataformarekin lotuta dauden zenbait taldek modu nabarmenagoan ikusarazi dizkigutela dituzten arazoak. Hala egin dute, bereziki, Altsasuk, Erriberrik, Lizarrak, Burlatak eta Bakaikuk, besteak beste. Bestalde, Pirinio inguruan ere indarrez egin dituzte aldarrikapenak. Horiek beste eredu batzuk eskatzen dituzte, beren beharrak asetuak izan daitezen. Problema orokortua, baina desberdina tokian toki.

Zer neurri nahi duzue hartzea?

Lehenik, aurrekontuak handitzea. BPGaren %6,5 izan beharko litzateke osasungintzarako, eta oso urrun gaude hortik. Langileen behin-behinekotasunari aurre egiteko, kontratu finkoak behar dira, pazienteei behar bezalako arreta integrala eta jarraitua emateko, besteak beste. Gainera, itxaron zerrendak murrizteko neurriak hartzea ere ezinbestekoa da.

Politikariek badute zuekin hitz egiteko borondaterik, edo entzungor ari dira jokatzen?

Politikariek hitz egin bai, idatzi ere idazten dute zer edo zer, baina ekin, ez diote ekiten; gure irudipena hori da. Esaterako, esana ziguten Europako funtsekin lortuko zela ditugun premia askori erantzutea. Etorri dira funtsak, baina ez dira erabili —adibidez, langileen egonkortasuna bermatzeko—, baizik eta beste helburu batzuetarako. Iruzurra ikusten dugu, hein batean.

Zertara bideratu da diru hori?

Adibidez, teknologia berriak eskuratzeko eta, azken finean, adreiluak jartzeko, zentro batzuk handitzeko edo eraberritzeko. Ez diogu hori beharrezkoa ez denik, baina iruditzen zaigu ez dela lehentasunezkoa. Horren aurretik, hobe lukete daudenak indartu.

Protesta eguna duzue gaur. Azkena izateko itxaropenez?

Ez dakigu. Alde batetik, oso konbentzituta gaude arrazoi sobera ditugula eskatzen duguna eskatzeko. Gero, baina, ikusi beharko dugu zer sentsibilitate duen gobernuak, ea presio bidez lortzen dugun pentsaraztea. Hori ezin jakin, baina, behar izanez gero, jarraituko dugu, nola ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.