Olinpiar Jokoak

Rojo 21. izan da 50 kilometroko proba laburtuan

Bolxunovek irabazi du urrea, eta 1:17,08ra helmugaratu da tolosarra. Manex Salsamendik 58. postuan bukatu du, 21:39,1era. Haizeagatik, 30 kilometroko lasterketa egin dute eskiatzaileek.

Imanol Rojo, helmugaratu eta gero. KIMIMASA MAYAMA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 19a
10:41
Entzun

Imanol Rojo eskiatzailea 21. sailkatu da Pekingo Olinpiar Jokoetako estilo askeko 50 kilometroko iraupen eskiko proban. 07:00etan zen proba jokatzekoa, baina haize zakarra zegoen eski eremuan, eta ordubetez atzeratu dute. Arrazoi berberagatik eta kirolarien segurtasunagatik, laburtu egin dute karrera antolatzaileek, eta 30 kilometrokoa izan da.

Rojok aitortu du horrek ez diola mesederik egin, 50 kilometrokoan postu hobea lortuko zukeelakoan. Baina, hala ere, ez du aitzakiarik jarri nahi izan, eta esan du ez zuela espero 21. sailkatzea, Eitb.eus-ek jaso duenez: «Amorrua eman dit, lau urte neramatzan-eta karrera prestatzen. Berdin dio 30. edo 50. egiteak; lasterketan zaudenean berdin dio. Laburtuz gero, ez da haize eta hotz gutxiago egongo».

Urrezko domina Alexander Bolxunov errusiarrak eskuratu du, Joko hauetan irabazi duen urrezko hirugarrena —bost irabazi ditu guztira—. Bigarren Ivan Jakimuxkin errusiarra izan da, eta hirugarren, Simen Hegstad Krueger norvegiarra.

Rojoren hirugarren Olinpiar Jokoak izan dira. Bolxunovengandik hiru minutu, hamazazpi segundo eta zortzi ehunenekora helmugaratu da tolosarra. 21. postua eskuratuta, eskiatloiko 15x15eko proban lortu zuen postua berdindu du, orduan ere 21. izan baitzen. Iraupen eskiko estilo askeko 15 kilometroko proban 39. izan zen.

«Joko hauen balorazio oso positiboa egiten dut. Nire postu guztiak distantzia guztietan hobetzea oso positiboa da, baina probaren batean postu hoberen bat egin nezakeela uste dut. Distantzia bakoitzean postuak hobetzen doazen bitartean, pozik egon behar dut. Beijingen ondoren, Munduko Kopako hiru asteburu geratzen dira orain, eta ahalik eta gehien ematen saiatuko gara», gaineratu du Rojok, Eitb.eus-en.

Manex Salsamendi, berriz, 58. postuan sailkatu da 50 kilometro askeko proban, 1:33:11.8ko denbora eginda (Bolxunovengandik 21:39,1era). Lehen aldia zuen eskiatzaile gazteak Olinpiar Jokoetan, eta ez ditu emaitza ikusgarriak eskuratu, baina ikasteko eta probatzeko urtea izatea nahi zuen, zailtzekoa. Brasilgo selekzioarekin lehiatu da, eta gaurkoa izan du emaitza onena. 15x15 eskiatloian proba utzi behar izan zuen, lasterketa buruak harrapatu egin zuelako; eta 15 kilometro askeko proban 90. egin zuen.

Bihar bukatuko dira Neguko Olinpiar Jokoak, baina euskal kirolariek bukatu dituzte beren probak dagoeneko. Lucas Egibar izan da posturik onena lortu duena aurtengo ekitaldian. Zazpigarren egin zuen snowboard krosean, eta diploma olinpiko bat eskuratu zuen, bizkarra minberatuta izan arren.

Adur Etxezarretak ere bukatu zuen lehia. Jaitsiera olinpikoan hamazazpigarren egin zuen, eta super erraldoian sentimendu ospelekin bukatu zuen lehiaketa, pistatik atera baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.