Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarreko bozeramailea pozik agertu da Gazteriaren Euskal Legearen hasierako zirriborroan sartzea lortu duten aldaketekin. Azaldu du legeak «gazteen emantzipazioa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gazteen parte hartze eraginkorra» ahalbidetzen dituela. Horregatik, Gorrotxategik aurreratu duenez, asteartean aurkeztuko den legearen inguruko txostenaren alde bozkatuko dute, eta gauza bera egingo dute legea onartuko den osoko bilkuran. Oraindik ez dago zehaztuta noiz izango den osoko bilkura.
Gazteen emantzipazio sarea sortzea da koalizioak legeari egindako ekarpen nagusia, Gorrotxategik azaldu duenez. Gazteentzako zerbitzu guztiak zentralizatzea da ekarpen horren helburua. Horrez gain, «gazteen parte hartzea sustatzea eta parte hartze hori erabakigarria izatea» da etorkizuneko legeak jasoko duen beste neurri bat, Gorrotxategiren arabera.
Azkenik, laneratzeko laguntza eta zerbitzuetarako eskubideak jasoko dira legean. Besteak beste, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna» bermatuko du. Besteak beste gazteen sexu eta jatorri aniztasuna aitortuko dela esan du Gorrotxategik.
Ez ditu lehentasun
Urkulluren Gobernuak ez ditu gazteak lehentasun. EH Bilduk ez du legea babestuko. Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak azaldu duenez, legeak «ez dio erantzuten gazteek egun duten errealitateari»; izan ere, ez ditu tresnak zehazten «legearen helburu teorikoak lortzeko».
Anbizioa falta zaion lege bat dela uste du Saez de Egilazek: «Gazteon nahiak eta beharrak lehen plano politikoan jartzeko, egoera eraldatzeko eta salto kualitatibo bat egiteko. Erantzun, neurri eta erabaki berriak legez martxan jartzeko aukera galdu du Urkulluren Gobernuak».
Emantzipazioa eta etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak, lan prekaritatea eta aisialdia… «egiturazko» arazo horiei ez zaie heldu, Saez de Egilazen ustez, eta hori hala izan da ez delako egon «negoziatzeko aukera erreal bat».