Euskal presoak

Iñaki Gracia preso ohiari pasaportea kentzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

ETAko buruzagi ohiari deklarazio hartu ondoren hartu dute erabakia. Gregorio Ordoñezen hilketaren «egile intelektuala» izatea egotzi diote. Mikel Albisuren aurka abenduan erabakitako neurri berak ezarri dizkio.

Gregorio Ordoñezen sendiaren abokatu Ruben Mugika, Donostiako epaitegian Iñaki Graciari deklarazioa hartzeko saioaren ostean, gaur goizean. JUAN HERRERRO / EFE
2022ko otsailaren 21a
17:41
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Alejandro Abascalek pasaportea kendu dio Iñaki Gracia Arregi preso ohiari, eta Espainiaren menpeko lurraldeetatik ateratzea debekatu dio. Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotziaren hilketaren «egile intelektuala» izatea egotzita deklaratzera deitu dute ETAko buruzagi ohia. Graciak uko egin dio deklaratzeari, eta ukatu egin du erantzukizun oro ekintza hartan. 1995ko urtarrilaren 23an hil zuten Ordoñez, Donostian.

«Auzipetuari leporatzen zaion lege haustearen izugarrizko larritasunarengatik eta errudun deklaratuz gero ezar diezaioketen zigor handiarengatik» hartu du erabakia Abascalek.

Epailearen arabera, Gracia ETAren batzorde eragileko kide izan zen 1992tik, Bidarteko operazioaren ondoren, zeinetan erakundearen zuzendaritza atxilotu zuten, eta atxilo zuten arte, 2000. urteko irailaren 15ean. Abascalek gaineratu duenez, Gracia erakundearen talde militarraren eta logistikoaren arduraduna izan zen.

Defentsak argudiatu duenez, lekuz kanpo dago akusatuari halako badaezpadako neurriak ezartzea, ez dagoelako ihes egiteko arriskurik, eta ez dagoelako behar adinako zantzurik haren kontra. Izan ere, bere kabuz aurkeztu da ETAren buruzagi ohia auzitegian.

Ordoñezen hilketaren harira, ETAko beste hainbat buruzagi ohi deitu dituzte azken hilabeteotan deklaratzera. Joan zen abenduaren 22an, Mikel Albisu Iriarteri badaezpadako neurri berak ezarri zizkion Abascal epaileak. Albisuk adierazi zuen epaileari gogoratu ziola hogei eta bost urteko zigorrak bete zituela Frantziako Estatuan, «gaizkile talde» batean aritzea egotzita. Horrez gain, azaldu zuen bere aurkako akusazio berriak «torturen eta gezurren bitartez» eskuratutako elementuetan oinarritzen zirela.

Argudio berak erabili zituen Abascalek orduan ere: delituaren «larritasunari» eta akusatuari jar diezaioketen zigor handiari erantzuten ziola badaezpadako neurri horiek ezartzeko beharrak.

Orduan, Sortuk elkarretaratzea egin zuen epaitegiaren atarian, Albisuri elkartasuna eta babesa adierazteko. Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak adierazi zuen Albisurena ez zela «kasu bakan bat», eta horren atzean «salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Auzitegi Nazionala» dagoela: «Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.