Haur eskolak

Euskarazko eredua auzo guztietara zabaltzeko eskatu dio euskalgintzak Iruñeko Udalari

Iruñeko haur eskoletako eskaintza «eskasa eta desorekatua» dela salatu dute hainbat eragilek: zentro bakarrak eskaintzen du euskarazko eredua

Iruñeko Euskalgintza osatzen duten eragileak, gaur, Iruñeko Laba aretoan. IRUÑEKO EUSKALGINTZA
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 28a
13:38
Entzun

Iruñean dauden hamazazpi haur eskoletatik bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltze eredua. Horien artean, Iruñeko Udalarenak dira hamabi zentro, eta Nafarroako Gobernuarenak, berriz, beste bost. Udal haur eskolen eskaintza «eskasa eta desorekatua» dela salatu dute hainbat eragilek, Iruñeko Euskalgintza plataforman bilduta. AEK eta IKA euskaltegiek, Sortzen, HE Gurasoak, Zaldiko eta Administrazioan Euskaraz elkarteek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek osatzen dute plataforma.

Gaur agerraldia egin dute, aurrematrikulazio kanpainaren karietara, udalari eskatzeko euskarazko eskaintza zabal dezala auzo guztietako haur eskoletara. Izan ere, egun Iruñeko Udalak kudeatzen dituen hamabi zentroetatik bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltzea, eta eskola horietan eskainiko diren 1.069 ikaspostuetatik, berriz, 130 soilik izanen dira euskaraz (%12). Nafarroako Gobernuaren haur eskolak ere aintzat hartuta, egoera ez da hobea.

Iruñeko Euskalgintzak salatu du eskaintza hori «zuzeneko erasoa» dela Iruñeko haurren hizkuntza eskubideen aurka: «Familia guztien eskubidea da Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatea, etxetik gertu». Iruñeko Udala egin dute egoeraren erantzule nagusi, baina «Nafarroako Gobernuaren laguntza eta konplizitatea» ahaztu gabe. «Finean, gobernuak berak ematen baitio bidea hizkuntza eskubideen urraketa horri».

Azaldu dute haurrak euskarazko murgiltze ereduan matrikulatzea «hautu pertsonal hutsaz harago» doala: «Gure haurrak arrazakerian, matxismoan edo LGTBIfobian hezi nahi ez ditugun moduan, ez ditugu hezi nahi gutxiagotutako hizkuntzari bizkarra emanez. Hizkuntza eta pertsona guztiek balio berbera dutela erakutsi nahi diegu, eta horien guztien errespetuz, auzo eta haur guztiei zabaldu nahi diegu euskara».

Aitzitik, euskarazko eskaintza auzo guztietara zabaltzeari uko eginda, Iruñeko Udalak «haur askori atea itxi» diela salatu dute: «Ez dute bermatu aukera berdintasuna, eta horrela erakusten ari dira hizkuntza batzuek besteek baino gehiago balio dutela».

Hizkuntza eredua «publikoa eta kolektiboa» den heinean «justiziaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren alde» egin beharko lukeela gaineratu dute, «hautu indibidualaz harago». Navarra Suma eta Enrique Maia alkatea, ordea, «kontrako noranzkoan» ari direla salatu du euskalgintzak: «Borondate politikoa badago, egoera iraul daiteke. Udal taldeek eta gobernuari eusten dioten alderdiek erantzun beharra dute hizkuntza eskubideei begira, arduraz, ausardiaz eta justiziaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.