Euskarazko murgiltzea, Iruñeko hamazazpi haur eskoletatik bakarrean

Bi haur eskola irekiko dituzte: bata gaztelaniazkoa eta bestea eredu «mistokoa». Euskarazko ikaspostuak are gehiago murriztu dituzte. Murgiltze ereduak eskatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko

Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratze bat, Iruñean. BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Datorren ikasturtean %7 jaitsiko da euskarazko murgiltze ereduaren eskaintza Iruñeko haur eskoletan. Urtez urte Iruñeko Udala murrizten ari da euskarazko eskaintza Iruñeko haur eskoletan. 2022-2023 ikasturterako bi haur eskola berri egonen dira Iruñean: Lezkairun eta Mendebaldean. Bi horietatik Lezkairun baino ez dute izanen euskarazko eskaintza, baina «mistoa» izanen da: eredu mistoa duten haur eskolak bi motatakoak dira: gaztelaniazkoak, euskarazko jarduera batzuekin; edo euskarazkoak, ingelesezko edukiekin.

Murgiltze ereduko ikaspostuak, berriz, euskara hutsezkoak direnak, %7 murriztuko dituzte: Iruñe osoan hamazazpi haur eskola daude, eta horietatik murgiltze eredua bakarrak du: Txantreako Izartegi. «Eredu mistoen sustapenarekin euskarazko murgiltze ereduaren eta euskarazko transmisioaren kontra doaz», salatu du Iñigo Otxoa HE Gurasoak elkarteko kideak.

Erabakia oraindik ez da behin betikoa, Nafarroako GobernukoHezkuntza Departamentuak duelako azken hitza. Haatik, HE Gurasoek elkarretaratzera deitu dute gaurko, 18:00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.Haien helburua euskaltzaleak «xaxatzea» dela dio Otxoak: «Nafarroako Gobernuan dauden indar euskaltzaleei dei egiten diegu zerbait egin dezaten». Iruñeko lau barrutietan euskarazko murgiltze eredu bana exijitzen dute, eta Lezkairuko eta Mendebaldeko haur eskola berriak euskarazko murgiltze ereduan izatea. Horretarako eginen dute elkarretaratzea, Murgiltzerik ez euskaraz? Zuentzat pardelkada! lelopean.

«Euskara zokoratzen ari dira, argi eta garbi», salatu du Edurne Lekunberri Donibane haur eskolako zuzendariak. Haur eskola horretan, urtetik urtera, euskarazko murgiltze eredua aukeratzen zuten gero eta familia gehiagok, eta, horri esker, D eredua ere handitzen ari zen Haur eta Lehen Hezkuntzan: «Adibidez, atzerritar asko euskarara hurbiltzen ziren haur eskoletan, eta gero galdetzen zuten nola jarraitu ahal zuten euskaraz. Ostean, askok Amaiur ikastolara jotzen zuten —hurbilen dagoen D ereduko eskola publikora—».

Lekunberrik uste du euskarazko eskaintza murriztea euskararen kontra jotzeko estrategia dela: «Ohartu dira D ereduak hauspoa hartuko zuela, eta ezin izan dute jasan. Badakite euskarari gehien kalte egiten diona beste hizkuntza batzuekin nahastea dela, eta horregatik egin dute».

Gertutasuna

Donibane haur eskolan euskarazko gela bakarra geratzen da, eta gainerakoak gaztelaniaz dira. Datorren ikasturtean euskarazko lerroa desagertuko da, eta gaztelania hutsezko eredua izanen dute. «Donibaneko familiek argi badute euskaraz ikasi nahi dutela, oso urrun joan beharko dira edo pribatura jo», esan du Lekunberrik.

Gurasoek gehienetan kontziliazioagatik gertutasuna lehenesten dutela dio Otxoak: «Asko estimatzen da gertutasuna, eta funtsezkoa da; ez baduzu euskara gertu, militantzia da, eta batzuetan militante izan nahiko luketenek ere badauzkate zailtasunak». Lekunberri bat dator horrekin: «Euskara galtzaile ateratzen da».

Horrez gain, euskarazko lantaldeari ere kalte egingo diola ere salatu du zuzendariak: «Lanpostu finkoa dugunok euskaraz jarraitu nahi badugu, beste toki batean lan egin beharko dugu, eta postu finkoa ez dutenek bi aukera dituzte: gaztelaniaz lan egin edo langabeziara joan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.