Gasa eta petrolioa, gatazkaren erdigunean

Kezka handia da energia gaien inguruan. Oraingoz, nahiz eta Errusiako bankuak SWIFTetik kanporatu, energiari lotutako ordainketak ez dira eten, ezta hornidura ere.  

Artxiboko irudian, gas biltegi bat Ukrainan. PAVLO PALAMARCHUK / EFE
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 28a
16:36
Entzun

Garesti izatetik garestiago izatera. Gas naturalaren prezioak atzera gora egin du Europan, eta geroko kontratuetan salneurria bezperan baino %36 handiagoa izatera iritsi da. Kezka hor dago, zer gertatuko den Errusiatik Europarako gasaren hornidurarekin, hornidura horren zati handi bat Ukrainatik barrena baitator.

Errusiatik datorren gasarekin betetzen du Europak bere beharren herena. Hornidura horren edozein etendurak argindar produkzioa, altzairugintza eta ongarrien ekoizpena baldintza dezake Europan.

Esku hartze militarrak soilik ez, Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorrek ere kalte egin diezaiokete gas hornidurari. Oraingoz, Errusiako banku nagusiak SWIFT sistematik kanpo gelditu izanak ez die eragin energia gaiei. Alemaniako Ekonomia Ministerioak eta Etxe Zuriak esan dute dirubide hori zabalik dagoela oraindik.

Hori bai, Errusiako gasa eta petrolioa erosi nahi dituenak gero eta zailagoa dauka, besteak beste gasontziek eta petrolio ontziek ez dutelako portu errusiarretara hurbildu nahi; zigorpean dauden bankuekin lan egitea konplexua delako, eta finantza entitateek eta aseguru etxeek ez dutelako dirurik arriskatu nahi salerosketa horietan.

Eta inongo momentutan ezin da baztertu Vladimir Putinek, zigorrei erantzunez, gas hornidura hori murriztu edo etetea Europari, oilartu egin baitzaio.

Petrolioarekin ere kezka hor dago, baina upelaren prezioan horniduran baino gehiago. Baten batek agian espero zezakeen LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak zerbait egitea, baina esan du ez duela bere jarrera aldatzeko asmorik. Asteazkenean egitekoa duen bileran, analisten ustez, LPEEk aurreikusitako ekoizpen hazkuntzari eutsiko dio; hots, ekoizpena eguneko 400.000 upeletan handituz joatea.

Baina baliteke laster etortzea upelaren prezioari eusteko mugimenduak. AEBetatik eta Europako Batasunetik esan dute aztertzen ari direla petrolio erreserben zati bat merkaturatzea, eta zabaldu da bihar, asteartez, IEA Nazioarteko Energia Agentziak bilera egingo duela.

Dena den, hornidura arazoen arriskua ere ezin da baztertu, egunero Itsaso Beltzetik garraiatzen direlako milioika petrolio upel, eta baita munduko garau guztiaren laurdena. Garia, paladioa, nikela... Industria eta nekazaritza estututa zebiltzan lehendik ere, eta lehengaien salerosketan nahasmena izugarria da egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.