Arrazakeria

Ertzaintzak emakume migrante baten aurka erabilitako «biolentzia arrazista» salatu dute

2018an Ertzaintzak boliviar jatorriko emakume bati egindako erasoa salatu du Bizkaiko SOS Arrazakeriak Eusko Legebiltzarrean. Andrearen aurkako zazpi urteko espetxe-zigor eskaera bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Poliziaren biolentzia arrazistaren aurkako afixa bat. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 2a
13:16
Entzun

Ertzaintzak emakume migrante baten aurka erabilitako «indarkeria arrazista» salatu du Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeak Eusko Legebiltzarrean. Alba Garcia Martin eta Sara Nicholson Mendieta Bizkaiko SOS Arrazakeriak-eko bozeramaileek eta Agatha Libano abokatuak agerraldia egingo dute gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarreko Instituzio, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, eta hor emango dituzte kasuaren inguruko xehetasunak. Hala ere, gaur goizean, auziaren nondik norakoak azaldu dizkiete komunikabideei, legebiltzarreko prentsa aretoan.

Boliviar jatorria du Silvia L.-k, eta, SOS Arrazakeriak taldeko kideek salatu dutenez, 2018ko maiatzaren 26an Ertzaintzak «legez kanpo» atxilotu eta Getxoko (Bizkaia) polizia etxean «modu basatian» eraso zion. Gertaera haien ondorioz, Eusko Jaurlaritzak zazpi urte espetxe zigorra eskatu du emakumearen aurka, bai eta isun ekonomikoa galdegin ere.

2018ko maiatzaren 26an jazotakoen berri eman dute SOS Arrazakeria elkarteko bozeramaileek. Kontatu dutenez, egun horretan Silvia L.-k ikusi zuen ertzain batzuk kalean zegoen etxegabe bati tratu txarrak ematen ari zitzaizkiola, eta eraso hura geldiarazten saiatu zen. Ertzainen erantzuna «bortitza» izan zela salatu dute elkartekoek: «Emakumea bultzatu eta iraindu zuten. Besteak beste, 'Zoaz zure herrialde madarikatura, zoaz pikutara' esan zion ertzain batek». Etxegabea ere jo egin zuten poliziek, Silviari eskerrak ematen saiatu zenean, elkarteko kideek salatu dutenez.

Emakumea Algortako polizia etxera atxilo eraman zuten ondoren, ertzainek haren bikotekideari azalpenik eman gabe. Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, polizia etxean ere ez zizkioten bermatu oinarrizko eskubideak: «Poliziek hitz egiteko aukera ukatu zioten, eta zorroa baimenik gabe arakatu». Ziegan, gainera, ertzain batek jo egin zuen emakumea. Kalabozoetako kamerek grabatutako irudiak eskuratu zituen orduan Correo egunkariak, eta bertan ikusten da ertzain batek andrea nola astintzen duen. Une horretatik aurrera «abusu» gehiago izan zirela salatu dute elkarteko kideek: polizia txostenean ez zituzten jaso emakumeak erasoen ondorioz zituen zauriak, eta, gainera, Ertzaintzak salaketa bat jarri zuen Silvia L.-ren aurka. Gaur egun, ertzain bakarra dago akusatuta auzian, zauri arinak eragitea leporatuta.

Justizia eta erreparazioa
Lau urte igaro dira jazoera haietatik, eta SOS Arrazakeriak elkarteak Eusko Jaurlaritzari exijitu dio bertan behera utz dezala emakumearen aurkako salaketa «bidegabe, neurrigabe eta izugarria». Eraso «arrazista» izan dela gaitzetsi dute elkarteko bozeramaileek, eta «justizia eta erreparazioa» galdegin dituzte. Halaber, elkarteko kideek nabarmendu dute halako gertaerak ez direla kasu «bakanak», eta beharrezkoa dela erakunde publikoek halakoak amaitzeko neurriak hartzea. Era berean, arbuiatu dute Poliziaren salaketa faltsuekin biktima «ikusezin» bilakatu eta «kriminalizatu» nahi dela. Prozesu judizialaren «geldotasuna» ere kritikatu dute SOS Arrazakeriak-eko kideek, bai eta horrek emakumeari sortzen dizkion «ziurgabetasuna eta beldurra» ere.

Silvia L.-ren kasua salatzeko babes kanpaina bat abiatu du Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak, eta, besteak beste, Boliviako kontsulatuaren babesa jaso du. Horrez gain, elkarteko ordezkariek jakinarazi dute Hego Amerikako elkarte batzuek gutun bat bidaliko diotela Eusko Legebiltzarrari «biolentzia instituzional arrazista» amaitzeko eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.