Ukrainatik milioi eta erdi lagunek egin dute ihes jada

Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den errefuxiatu olaturik handiena da. Huts egin du aldi baterako su etenak, eta Errusiak erasoekin jarraitu du gaur Mariupolen eta Kieven.

Soldadu bat auto baten agiriak egiaztatzen, Kieven. ROMAN PILIPEY / EFE
Mikel O. Iribar - Paulo Ostolaza
2022ko martxoaren 6a
15:29
Entzun

Gerran ez dago jaiegunik. Errusiak aldi baterako su etena iragarri zuen atzo goizaldean Ukraina hegoaldeko Mariupol eta Volnovakha hirietan, herritarrak bertatik atera zitezen. Ordu erdiren buruan, ordea, gerra hotsek apurtu zuten isiltasuna, eta 215.000 pertsona inguruk ez zuten lortu korridore humanitarioetara heltzea. Bi aldeek elkarri leporatu diote su etena urratzea.

Gaur erasoek jarraitu dute Mariupolen, eta Kievetik gertu ere izan dira bonbarkaketak; zehazki, Irpinen, Kievetik 25 kilometrora. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, Vinnitsiako aireportua ere suntsitu dute Errusiako suziriek, Kieven hego mendebaldean.

Egoera gordin horretatik ihesean doazenak, berriz, geroz eta gehiago dira. Nazio Batuen Erakundearen azken eguneraketaren arabera, milioi eta erdi baino gehiago dira jada. Horrek esan nahi du Ukrainako gerrak eragin duena dela Europan Bigarren Mundu Gerratik izan den errefuxiatu olaturik handiena.

Diplomaziaren arloan ere izan dira mugimenduak. Recep Tayyip Erdogan Turkia presidenteak Vladimir Putin Errusiakoarekin hitz egin du, eta, horren ostean, esan du Moskuk ez duela erasoak eteteko asmorik. Horretarako, Ukrainak amore eman behar duela eta Errusiaren eskaerak bete behar dituela esan dio Putinek. Horretaz gain, Putinek azaldu dio operazio guztiak aurreikusitako erritmoan doazela.

Israelek, berriz, Moskuren eta Kieven arteko gatazkaren konponbidean bitartekari lanak egiteko jarrera azaldu zuen atzo; bai, behintzat, herrialde horretako lehen ministro Naftali Bennettek. Bira diplomatiko bete-betea egin zuen: Putinekin bildu zen lehendabizi, Kremlinen; Zelenskirekin telefonoz ondoren; eta, azkenik, Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin, Berlinen.

Mendebaldeko hainbat iturriren arabera, Errusian 4.300 pertsona atxilotu dituzte gaur, ustez gerraren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik.

Su eten laburra

Pil-pilean dagoen gaia, ordea, su etenarena da. Tass Errusiako agentziaren arabera, Moskuko defentsa buru Mikhail Mizintsevek azaldu zuenez, «Ukrainak eskatutako baldintza guztiak bete zituen Errusiak, orduei, ibilbideari eta segurtasunari zegokienez», Mariupoleko eta Volnovakhako zibilak ebakuatzeko. Halere, Mizintseveren esanetan, Ukrainako indar armatuek su eten humanitarioa baliatu zuten «unitateak berriz elkartzeko» defentsa posizioetan eta Mariupol osoan, eta «suzko artilleriarekin» egin zioten eraso. Hala, Errusiak aditzera eman zuenez, Mariupolgo 200.000 errefuxiatu eta Volnovakhako beste 15.000 iheslari ez ziren iritsi irekitako korridore humanitarioetara.

Ukrainak, ordea, adierazi zuen Errusia izan zela su etena errespetatu ez zuena. Mariupolgo Udalak Errusiako indar armatuekin negoziatu zuen, etenaldia benetan berma zedin. Dena den, BBC hedabideari eginiko adierazpen batzuetan, hiriko alkateak salatu zuen Mosku «gogor» erasotzen hasia zela Ukrainako tropen aurka. «Eromena da. Bonbak botatzen ari dira oraindik ere, bai hirian, bai korridorearen ibilbidean», adierazi zuen. Edonola ere, Volnovakhatik irtetea 400 herritarrek baino ez zuten lortu, agintarien arabera. Atzoko operazio humanitarioa etetearen ondorioak «larriak» izan ziren arren, Mizintsevek esan zuen «prest» daudela Ukrainako ordezkariekin eta nazioarteko erakundeekin «pazientzia handiz» eta lanean jarraitzeko, «giza krisia» berehala konpontzeko. Hain zuzen, Moskuko eta Kieveko gobernuetako ordezkaritzak bihar elkartuko dira hirugarrenez, baina oraindik ez dute zehaztu non izango den, atzo Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren Herriaren Zerbitzua alderdiko diputatu David Arakhamiak iragarri zuenez.

Errusiari Ukrainako aire eremua debekatzearen harira, Errusiako presidente Vladimir Putinek mezu zuzena igorri zuen: «Debekua indarrean jarriko balitz, horrek emaitza katastrofikoak eragingo lituzke, ez bakarrik Europarentzat, baita mundu osoarentzat ere». Erantsi zuen Mendebaldeak Errusiaren aurka jarritako zigorrak «gerra deklarazio baten baliokideak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.