Lan gatazkak

Akordioa egin dute Bernedoko Altan enpresan

Orain arteko lan baldintzei eutsiko diete aurrerantzean ere, eta soldatak KPIaren arabera igoko zaizkie. Itun berria 2024ra arte egongo da indarrean. Gatazkak ehun egun baino gehiago iraun du.

Altaneko langileen elkarretaratzea Gasteizen, urtarrilean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko martxoaren 7a
11:45
Entzun

Lan gatazka amaitu da Bernedoko Altan enpresan (Araba). Langileek ehun egun baino gehiago eman dituzte greban, baina eskatzen zutena lortuta, bihar itzuliko dira lanera. Iazko azaroan hasi zuten lanuztea, hitzarmena berritu eta soldatak KPIaren arabera eguneratu diezazkietela eskatzeko. Eta hala adostu dute enpresa batzordeak eta zuzendaritzak: orain arteko lan baldintzei eutsiko diete, eta enpresa hitzarmen berri batean jasoko dituzte gero. Akordioak 150 langileri baino gehiagori eragingo die; horietako gehienak emakumeak dira.

Atzo goizean sinatu zuten akordioa bi aldeek. Paperean jaso dutenaren arabera, langileen ordezkariek eta enpresak adostu dute 2017-2019ko enpresa itunak jasotzen zituen lan baldintza guztiei bere horretan eustea, baita soldatak KPIaren arabera igotzea ere. «Oso pozik gaude, aurreko enpresa itunean genituen eskubide guztiei eustea lortu baitugu», esan du Liliana Villamor enpresa batzordeko kideak (ELA).

2020 eta 2024 artean izango da indarrean itun berria, eta, horren ostean, Lan Ikuskaritzan enpresa hitzarmena erregistratzeko konpromisoa ere hitzartu dute. Modu horretan, ez die Espainiako Gobernuaren lan erreforma berriak eragingo, ez dutelako sektoreko Espainiako hitzarmena aplikatu beharko, Villamorrek gogorarazi duenez.

Izan ere, langileek behin eta berriz salatu dute zuzendaritzak «mehatxu» egin diela, akordiorik lortu ezean, Kimikaren sektoreko Espainiako lan hitzarmena aplikatzearekin. Orain dutenaren aldean, baldintza kaskarragoak dituen hitzarmena da, besteak beste, lan ordu gehiago jasotzen dituelako, gaixo baimenen osagarriak txikiagoak direlako, eta soldata igoerak ere apalagoak izango direlako.

Mendialdeko enpresarik handiena

Langileentzat, baina, ezinbestekoa da bereziki eskualdearen errealitateari erantzungo dion ituna izatea. Arabako Mendialdeko enpresarik handiena baita Altan, eta eskualdean behargin gehien dituen lantegia. Gaur egun, 150 langile inguru ditu, eta gehien-gehienak inguruko herrietan bizi diren andreak dira: hamarretik zazpi inguru.

Farmazia industriaren sektorean dihardu enpresak, botiken produkzioan. 1991. urtean sortu zuten, hainbat erakunderen kapital publikoarekin —Biomendi izena zuen orduan—, baina Altan Pharma taldeak erosi zuen gero, eta iazko ekainetik Frantziako Ethypharm funtsaren esku dago taldea. Osakidetza da haren bezeroetako bat, eta grebak zuzenean eragin dio hari ere.

«Borroka eredugarria»

2019an iraungi zen orain arte indarrean egon den ituna, eta hitzarmen berri bat adostu nahian aritu dira ordutik. Jabe berriarekin, ordea, blokeatu egin ziren negoziazioak, eta langileek protestak hasi zituzten. Lanuzte solteak egin zituzten hasiera batean, baina zuzendaritzaren «jarrera zurruna» ikusita, grebara jotzea erabaki zuten iazko azaroan.

Elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte orduz geroztik, nola eskualdean, hala Gasteizen. Enpresa batzordearen hitzetan, «borroka sindikal eredugarria» izan da, eta horri esker lortu dute beren eskaera guztiak aintzat hartzea. «Ahalik eta ate gehien» jo dituztela nabarmendu dute, «eskubideak eta erosteko ahalmena ez galtzeko».

Besteak beste, Gasteizko legebiltzarrean izan ziren lan gatazkaren berri ematen, eta erakunde publikoen bitartekaritza eskatu zuten bertan.

Bada, langileek eskerrak eman dizkiete gatazkan inplikatu eta babesa eskaini dieten eragile eta norbanako guztiei, eta pozik agertu dira grebak iraun bitartean erakutsi duten «batasunagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.