Etxebizitza

Alda mugimenduak txalotu egin du Euskal Elkargoak konpentsazioari buruz hartutako erabakia

Ekainetik aitzina konpentsazio neurria ezarriko zaie turismorako bizitegiei Ipar Euskal Herrian. Mugimenduaren ustez, erabakiak «etxebizitza turistikoen tsunamia geldituko du».

Alda mugimenduko kideak, gaurko agerraldian. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko martxoaren 8a
11:18
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak turismorako bizitegiei buruz hartutako erabakia «garaipen soziala eta ekologikoa da». Hala esan dute gaur Alda mugimenduko bozeramaileek; ekainetik aitzina konpentsazio neurria ezarriko zaie turismorako bizitegiei Ipar Euskal Herrian, eta, mugimenduaren ustez, horrek «etxebizitza turistikoen tsunamia geldituko du».

Gainera, iragarri dute alokairu apaleko bizitokiak kudeatzen dituen erakundeko hauteskundeetara aurkeztuko dela Alda. Zerrenda osatuko dute; azaroaren 15etik abenduaren 15era iraganen dira. Etxebizitza sozialetan bizi diren herritarrei dei egin diete berengana hurbiltzeko: salatu dute gaur egun eskasa dela parke soziala, eta beharra dutenentzat ere «zaila» dela baten eskuratzea. Batez beste, gehienezko itxarote epea hiru urtekoa da, baina Aldakoek segurtatu dute geroz eta herritar gehiago hurbildu zaizkiela «lau, bost, sei urtez» goaitatu ondoan.

Horretaz gain, konpentsazioa betetzen ote den segurtatzeko kontrol lana egitea galdetu dio Aldak Elkargoari. Aurrerantzean ere zenbaketa lana egiten segituko dute, neurriaren ondorioak zein diren neurtzeko.

Bestalde, urte osoko alokatzeak bultzatzeko zerga sistema iraultzea beharrezkoa dela uste dute Aldakoek. Izan ere, salatu dute gaur egun etxe turistikoak dituzten jabeek zerga abantaila gehiago dituztela urte osoko alokairuak egiten dituztenek baino. Gainera, urte osoko alokatzeak laguntzeko jadanik badiren egitasmoak ezagutaraztea eskatzen diete erakunde publikoei, jabeak eta alokatzaileak laguntzeko.

Konpentsazio neurria

Etxebizitzaren gaiak izan duen bilakaerak kezka eta ezinegona eragin ditu azken hilabeteetan. Azaroaren 20an 8.000 pertsona mobilizatu ziren Baionan, eta eskaera zehatzak egin zizkieten Euskal Elkargoari eta Frantziako Estatuari. Joan den larunbatean eman zuen lehen erantzuna elkargoak, turismorako bizitegiei konpentsazio neurria ezartzea erabakita. 220 hautetsik parte hartu zuten bozkan, eta horietarik 169k eman zuten aldeko bozka. Heldu den ekainetik aitzina, turismorako bizitegi bat alokagai duten jabeek urte osorako beste bizitegi bat eskaini beharko dute konpentsatzeko, hiri berean eta gutxi gorabehera ezaugarri berekoa. Etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Norbanakoei eta enpresei dagokie neurria.

Bi salbuespen ezarri dituzte. Urtean zehar bederatzi hilabetez ikasleei alokatzen dieten jabeek gainerako hiru hilabeteetan turismorako baliatu ahalko dute. Turismorako etxea beren etxebizitza nagusiaren eraikin berean duten jabeak ere salbuetsiak izanen dira. Etxebizitza «tentsioan» dagoen Lapurdi kostaldeko 24 herritan aplikatuko da neurria.

Daniel Olzomendi Turismo gaietarako Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak aurkeztu zuen proposamena. «Azken 30 urteetan erabateko lerratzea izan da; ezin dugu horrela segitu». Haren hitzetan, azken bost urteetan izan da gorakadarik handiena. Jabe anitzek alokairuan zituzten etxebizitzak berreskuratu dituzte, turismora bideratzeko.

Hautetsi andanak babestu zuen neurria, ezker zein eskuinekoek. Hala, Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapez eta Errepublikanoetako auzapezak bere herriko adineko emazte baten adibidea eman zuen: bizitegia alokatzen zion jabeak etxebizitza berreskuratu nahi izan du, turismorako baliatzeko. Horrelako adibideak anitz direla baieztatu zuten batek baino gehiagok.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak BERRIAri errandakoaren arabera, neurria Administrazio Auzitegira eramateko mehatxua egin diote turismorako bizitegiak eskaintzen dituzten plataformek.

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza izan zen kontrako ahotsa altxatu zuten bakarrenetako bat. «Zinezko arazo bati» ematen zaion «erantzun okerra» da, adierazi zuen. Guillaume Barucq Miarritzeko hautetsiak ere kezkak agertu zituen neurriak eman ditzakeen emaitzei buruz, baita Donibane Lohizuneko hautetsiek ere. Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak, bestalde, neurria babestu zuen, ezarri dituen salbuespenekin «oreka bat» lortu dutela ebatzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.