Eusko Jaurlaritzak epaiketa justua eskatu du Pablo Gonzalezentzat

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria harremanetan jarri da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, Espainiako Gobernua ere Gonzalezen atxiloketaz kezkatu dadin.

Pablo Gonzalezen argazkia, Ukraina ekialdeko Dnipor herriko lantegi batean, joan den otsailaren 2an. PABLO GONZALEZ
unai etxenausia
2022ko martxoaren 8a
13:42
Entzun

Eusko Jaurlaritzak epaiketa «justu eta azkar bat» eskatu du Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrarentzat. Errusiako inteligentzia militarreko zerbitzuentzat espioitza lanak egitea egotzita, Ukrainako mugatik gertu dagoen Rzewov hirian atxilotu zuten. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria harremanetan jarri da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, Espainiako Gobernua ere Gonzalezen atxiloketaz kezkatu dadin.

Joan den astelehenean atxilotu zuten Gonzalez. Naiz, Público, La Sexta eta Efe hedabideetan kolaboratzen du, besteak beste, eta Poloniatik iritsitako migratzaileen berri ematera joana zen hara. Atxilotu zutenetik, inkomunikatua izan dute Gonzalez, haren abokatuak ordutik sarritan salatu izan duenez.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du atxilotu zutenetik Jaurlaritza harremanetan egon dela haren familiarekin eta Espainiako Gobernuarekin: Espainiari baitagokio laguntza kontsularreko lanak egitea. «Bat egiten dut Mugarik Gabeko Erreportariak agentziak esandakoarekin. Kazetariaren lanbidea aldarrikatu behar da, eta, Pablo Gonzalezen abokatuaren laguntzarekin, epaiketa justu eta azkar bat egin behar zaio Polonian», gaineratu du Artolazabalek.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintza lanean ari da atxilotutako informatzailearen kasuaren «hurbileko jarraipena» egiteko, Artolazabalek azaldu duenez.

Pablo Gonzalez kazetaria da, Eslaviar Filologian lizentziaduna, eta masterra du Ikasketa Estrategikoetan eta Nazioarteko Segurtasunean. Aditua da Ekialdeko Europako gatazketan. Zenbait hedabidetako berriemaile berezia izan da Ukrainako eta Karabakh Garaiko gerretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.