Etxegabetzeak

Ertzaintzak Judimendiko Juani etxeko lehen solairua hustu du Gasteizen

Poliziak, oraingoz, eraikinak dituen hiru etxebizitzetatik bakarra hustu du. Hainbat pertsona bildu dira etxearen inguruan, eta babesa adierazi diete etxegabetuei.

Ertzaintza, gaur goizean, Gasteizko Juani etxebizitzaren parean. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2022ko martxoaren 9a
12:25
Entzun

Ertzaintzak beste eraikin okupatu bat hustu du. Urtarrilean hustu zituzten Donostiako Mundaiz kaleko eraikin bat eta Gasteizko Zentro Sozialista, eta, gaurkoan, Gasteizko Judimendi auzoko Juani etxearen txanda izan da. Solairuetako bat hustu du Poliziak, lehenbizikoa. Bizilagunek joan den astelehenean zuten etxegabetze agindua, baina astebete atzeratu dute kaleratzea.

Goizean hainbat pertsona bildu dira etxearen inguruan, eta babesa adierazi diete etxegabetuei. Gaur, ordea, lehenengo solairuko etxebizitza hustu dute bakarrik; eraikin osoa dago okupatua, baina beste bi etxebizitzetako bizilagunek ez dute etxegabetze agindurik, oraindik.

Duela bost urte inguru okupatu zuten Juani, Judimendiko Juan II kalean kokatuta dagoen eraikina. Okupatutako blokearen solairu bakoitzak jabe ezberdin bat dauka. Ondorioz, bizilagunek hiru prozesu judizial dituzte zabalik. Fincas Armentia higiezinen enpresak egindako salaketaren ondorioz hustu dute lehen solairua.

Etxea uzteko agindua 10:30erako iragarrita zegoen, baina, Hala Bedi irratiak zabaldu duenez, 9:00ak zirenean bertaratu dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Sarrailagilea atea irekitzen saiatu da, baina ezin izan du, eta, beraz, Ertzaintzak kolpeka bota du atea, 10:20 aldera. 10:40an, lehen solairura iritsi dira, eta bertan erresistentzia egiteko bildutako lagunak ateratzen hasi dira.

Operazioan zehar, Juan II kalea itxi du Ertzaintzak, eraikin osoko argia ere moztu du —ez bakarrik hustu duten etxebizitzakoa—, eta lehen solairuko etxebizitzaren atea hormaz estali du. Bigarren eta hirugarren solairuko bizilagunek jarraitu dute «eusten». Kanpoan ere jende andana bildu da etxegabetuei babesa adierazteko, eta bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.