M-27. ARABA

PPk estu irabazi du Araban, baina itunek erabakiko dute nork agindu

EAJk eta PSE-EEk berdindu egin dute, hamalauna biltzarkiderekin; EAE-ANVk lau eserleku lortu ditu

2007ko maiatzaren 28a
14:06
Entzun
Edurne Begiristain

Lehia estua izan da Arabako Biltzar Nagusietan EAJ, PSE-EE eta PPren artean, hiru alderdiek oso emaitza antzekoak erdietsi baitituzte herrialde horretan. Garailea, hala ere, PP izan da, 15 eserleku erdietsita. Nolanahi ere, botoetan behera egin du -39.000 boto baino gehiago eskuratu ditu, 2003an baino ia 10.000 gutxiago- eta eserleku bat galdu. Nolanahi ere, PPren atzetik orpoz orpoz daude EAJ eta PSE-EE, biek ala biek hamalauna eserleku erdietsi baitituzte. EAE-ANVk lau eskuratu ditu, eta bina EB-Aralarrek eta EAk.

EAJ eta PSE-EEk eserlekuetan berdindu arren, sozialistak gutxigatik gailendu zaizkio EAJri botoetan, eta ia PPk adina boto eskuratu dituzte. Hala, PSE-EEk gora egin du nabarmen, eta joan den bozekin alderatuta, bi eserleku gehiago lortu ditu Txarli Prietoren zerrendak. Edonola ere, PPren zerrendak irabazi arren, hauteskunde osteko itunek erabakiko dute nork aginduko duen Arabako Aldundian. Izan ere, popularrek ez dute gehiengo nahikorik bakarrik agintzeko.

EAJ eta EA koalizioan aurkeztu ez izanak kalte egin die bi alderdi horiei Araban. EAJk 14 eserleku eskuratu ditu, duela lau urte koalizioan aurkeztu zenean baino bost gutxiago. Joan den hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izatetik hirugarren zerrenda izatera pasa da Xabier Agirre jeltzalearena. EAk, berriz, bi biltzarkide erdietsi ditu Arabako Biltzar Nagusietan, eta 8.500 boto baino zertxobait gehiago izan ditu.

EAE-ANVk eman du ezusteko handiena, ezker abertzaleak 1999tik herrialde honetan erdietsitako emaitzarik hoberenak lortu baititu. Izan ere, lau biltzarkide erdietsi ditu. Kontuan izan behar da, gainera, Araiako zerrenda baliogabetu egin zuela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta Gasteizen eta Lur Jareetan bakarrik aurkeztu ahal izan dela EAE-ANV. Hala eta guztiz ere, emaitza onak bildu ditu EAE-ANVk, eta Biltzar Nagusietako laugarren indarra bihurtu da. Hiru biltzarkide lortu ditu Gasteizen, eta beste bat Lur Jareetan. 2003ko hauteskundeetan AuBri zegozkion eserlekuak gehitu egin ditu orain ezker abertzalearen zerrendak. Orduan, boto baliogabeak zenbatuta, AuBri hiru biltzarkide egokitu zitzaizkion, 9.951 botorekin (%5,67). EAE-ANVk, berriz, 13.000 boto inguru ditu (%8,59).

Aurrenekoz aurkeztu da EB-Aralar koalizioan, baina ez ditu hobetu EBk duela lau urte lortutako emaitzak, eserleku bat galdu baitu.

ALDAKETAK HERRIETAN. Arabako herri nagusietan eta EAE-ANVk aurkeztea izan duenetan, aldaketa handiak izan dira. Hala, Aramaion EAE-ANVk bost zinegotzi irabazi ditu, hiru EAJk, eta bakarra EAk. EAJ-EAk zituen aurretik bederatzi zinegotziak.

Amurrion, launa zinegotzi eskuratu dituzte EAk eta EAJk, baina EAk ia 150 boto gehiago lortu ditu. EAE-ANVk bi zinegotzi izango ditu (900 boto), bi PSE-EEk (688), eta bat PPk (626). PPk galdu duena PSE-EEk irabazi du.

Agurainen, Iñaki Berazak gehiengo osoa lortu du, zortzi zinegotzirekin. EAkoa izan arren, independente gisa lehiatu da Beraza, bere alderdia EAJrekin koalizioa haustearen aurka baitzegoen. PSE-EEk, PPk eta EB-Aralarrek zinegotzi bana izango dituzte. Botoen %24,9 baliogabeak izan dira.

EA eta EAJ berdindurik daude Legution. Launa zinegotzi eskuratu dituzte EAk eta EAJk, baina lehenengoak hogei boto gehiago ditu. Azken zinegotzia PSE-EErentzat da. Trebiñun, berriz, PP garaile izan da, aurrenekoz, lau zinegotzi lortuta. Hiru eskuratu ditu AEICT independenteak, eta bana PSE-EEk eta EAE-ANVk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.