Martxoaren 3ko sarraskia

Martxoak 3 elkarteak «loreetatik ekintzetara» pasatzeko unea dela aldarrikatu du

Elkarteak neurriak eskatu ditu sarraskiaren gertakariak argitzeko eta dokumentuak desklasifikatzeko.

Joan den osteguneko manifestazioa, 1976ko martxoaren 3an hildako langileen irudiak buru dituela. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2022ko martxoaren 10a
13:33
Entzun

Martxoak 3ko biktimen senideen elkarteak «loreetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela eskatu die instituzioei. Urtero lez, 1976ko Martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileen sarraskiaren 46. urteurrenean egindako manifestazio jendetsuan jasotako babesa eskertu duten arren, aldi berean, eragile politiko eta sozialei dei egin die «Espainiako inpunitate ereduaren aurka fronte guztietan eta eraginkortasunez» lan egiten jarraitzeko. Era berean, neurriak hartzeko eskatu ditu Arabako erakundeetan eta Espainiako Kongresuan sarraskiaren gertakariak argitzeko eta dokumentuak desklasifikatzeko.

Gaur egun Gasteizen eta Euskal Herrian adostasun handia dago Martxoaren 3ko memoriaren eta biktimen eskubideen aldarrikapenaren inguruan. Izan ere, ordezkari politiko, sozial eta instituzional gehienek poliziak egindako sarraskiaren biktimak omentzeko eta oroitzeko ekitaldietan parte hartu dute aurten. Elkarteak azaldu duenez, adostasun zabal hori ez da beti horrela izan. Egoera berri hau, beraz, «Espainiako inpunitate ereduak ezarritako kontakizun ofizialaren aurrean» zailtasun, oztopo eta errepresioaren gainetik «salaketa bizirik mantendu duten pertsona eta kolektibo guztien lorpena da», eskertu du elkarteak.

Biktimak omentzea eta, aldi berean, zigorgabetasunaren amaiera bultzatzen duten egitasmoetan parte ez hartzea edo injustizia amaitzeko ibilbide judizial berriak blokeatzea «inkoherentea» dela uste du elkarteak. Horren harira, blokeatuta segitzen duten prozesuak zerrendatu ditu: «Instituzioetan abian jartzeko zain jarraitzen dugun frankismoaren krimenen aurkako Arabako kereila; Maria Servini epailearen autoaren aldeko adierazpena; oraindik izapidetzen ari diren Memoriaren legeen edukia; eta Rodolfo Martin Villaren papera eta hura babesten duten aparatu politiko judizial guztiak agerian uzteko ekimenak».

Ezin epaitu

Duela hilabete pasatxo, Espainiako Kongresuak uko egin zion Martin Villaren agerraldi eskaerari: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen edo 1978ko uztailaren 8an Iruñean izandako gertakarien erantzule politiko edo penala izan zitekeenaren inguruan egindako adierazpenak argitzea eskatzen zitzaion. Ezezkoaren arrazoia, berriz, «Martin Villa egun ez dela Gobernuaren parte, eta ez dagoela erantzun zezakeen Ikerketa Batzorderik».

Elkarteak derrigorrezkotzat jotzen du, beraz, Espainiako Kongresuan beharrezko mekanismoak sortzea gertakarien berri ematen duten testigantzak jasotzeko. Horrela, «sarraskiaren errealitatea jasoko duen txosten bat egin» eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoa zein izan zen argituko dela uste du elkarteak: «Ezinbestekoa da egia ezagutzea eta erantzukizun politikoak eta penalak ezartzea».

Finean, «egia, justizia eta erreparazioa» eskatzen jarraitzen du elkarteak, 46 urte geroago. Eta «Inpunitatearen aurkako borrokan» jarraituko dutela gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.