Gerra Ukrainan

Inflazio handiak zor gutxiago erostera bultzatu du EBZ

Banku zentralak ez du uste euroguneko ekonomia aurten atzeraldian sartuko denik. Inflazioa uste baino handiagoa izango dela aitortu du: %5,1 aurten. Hala ere, ez du asmorik luze gabe interes tasak igotzeko.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 10a
14:51
Entzun

Litekeena da Ukrainako gerrak hankaz gora jartzea euroguneko ekonomia, jada oso handia zen inflazioa gehiago elikatuko duelako eta zenbait produkturen eskasia areagotzen ari delako. Egoera horrek aldarazi egin ditu EBZ Europako Banku Zentralaren planak: zorra erosteko programa txikitu egingo du, eta atea zabal-zabalik utzi dio pentsatu baino lehenago amaitzeari. Neurri horrekin helburu bikoitz bat lortu nahi du EBZk: inflazioa kontrolatzeko lehen urratsak prestatzea, baina ekonomia sustatzeari muzin egin gabe.

Ataka zailean dago EBZ: inflazioa azken mendeko handiena da —%5,6 urtarrilean—, baina hari aurre egiteko tresna historikoak, interes tasak igotzeak, ez dirudi oso eraginkorra helburu hori lortzeko. Arazoa ez baita ekonomia oso bero dagoela eta hoztu egin behar dela, baizik eta aldagai batek —energiaren garestitzeak— jokoa aldrebestu duela, eta haren aurka interes tasak igotzeak agian ez duela askorako balio.

Are gehiago, interesak igotzeak hazkunde ekonomikoa traba dezake, eta hori kosta ahala kosta eragotzi nahi du orain banku zentralak, Ukrainako gerrak hazkundea bera auzitan jarri duelako. Oraingoz, tesi ofiziala da hamarren batzuk kenduko dizkiola BPGaren hazkundeari, baina iragarpen ezkorragoak bizkor hedatzen ari dira, inflazio handiak kontsumoa apalduko duelako eta industria gero eta gehiago geratzen ari direlako, argindar eta lehengai garesti eta eskasen kostuari aurre egin ezinik.

‘Belatzen’ aldera

Zalantzak zabaldu dira banku zentralean. Atzoko bileran, gobernu kontseiluko kide batzuek proposatu zuten ezer ez egitea; beste batzuek, ordea, inflazioa gutxitzeko neurriak hartzea babestu zuten. Tarteko bidea hartu zuen banku zentralak, zorra erosteko programa murriztu zuelako, baina hura berriro handitzeko aukera inondik inora baztertu gabe.

Edonola ere, merkatuek ulertu zuten belatzen alde egin zuela, hau da, inflazioaren kontrolari lehentasuna ematen dietenen alde. Euroguneko zorraren errentagarritasuna handitu zen, interes tasen igoera gertuago dagoela ikusi zutelako merkatuek.

Ez da, ordea, berehalakoan gertatuko. Interes tasa ofiziala %0an egongo da aurrerantzean ere, eta ez da aldaketarik izango gutxienez udazken arte. Igoera hori APP zor erosketa programaren etorkizunari lotuta dago. Izan ere, banku zentralak dio diruaren prezioa ez duela igoko APP bukatu eta «denbora tarte bat» igaro arte. «Eta graduala izango da». Orain arteko mezua zen APP bukatu eta berehala igo zitezkeela tasak, baina orain EBZk malgutasun handiagoa eman dio bere buruari.

2014ko urrian jarri zuen martxan tresna hori EBZk, finantza sistema diruz bete eta haren bidez euroguneko ekonomia suspertzeko eta estatukideen finantzaketa errazteko. Dagoeneko 4,6 bilioi euro erabili ditu EBZk APP programan, eta ez dirudi bost bilioira iritsiko denik. Izan ere, apirilean 40.000 milioi euroren aktiboak erosiko ditu; 30.000 milioi maiatzean, eta 20.000 ekainean. Orain arte plana zen urrira arte gutxienez 20.000 milioi euro sartzea ekonomian programa horren bitartez.

Ekainetik aurrera, zer? Egoera baretu eta epe erdian inflazioa %2ra hurbiltzeko bidean dagoela ikusten badu, EBZk udan etengo ditu erosketak. Hala ez bada, ez du baztertu APP programa luzatzeko aukera, «aukera guztiak irekita» daudelako, Christine Lagarde EBZko presidenteak azaldu duenez. Garrantzitsuena, Lagardek behin eta berriro nabarmendu duenez, iristen diren datu ekonomikoak dira.

Iragarri bezala, hilabete honetan etengo du PEPP pandemiari lotutako zor-erosketa programa, baina horietan erositako aktiboak berriro inbertitzen jarraituko du, gutxienez 2024. urtera arte. 1,85 bilioi euroren zorra erosi du EBZk haren bidez.

Aurreikuspen okerragoak

Lagardek aitortu du Ukrainako gerrak kalte egingo diola euroguneko ekonomiari, baina, kalte hori zenbatekoa den neurtzeko, ikusi beharko da gerrak zenbat irauten duen, Errusiari jarritako zigorrek zer eragin duten, eta zer bilakaera duten energiaren eta lehengaien prezioek.

Ikusi gehiago:Gipuzkoako enpresen %62k igarri diete jada Ukrainako gerraren ondorioei

Horiek horrela, EBZk txikitu egin du hazkunde iragarpena, baina ez du ekonomista batzuek haizatu duten estanflazioaren mamurik ikusi: hots, inflazio handiko eta hazkunde negatiboko garai bat.

Banku zentraleko ekonomistek iragarri dute aurten ekonomia %3,7 haziko dela, abenduan esandakoa baino bost hamarren gutxiago. Hurrengo bi urteetarako ere hazkundea espero du: %2,8 2023an, eta %1,6 2024an.
Inflazio iragarpenek, berriz, gora egin dute: %5,1 aurten—abenduan %3,2 aipatu zuen—, %2,1 2023an, eta %1,9 2024an. Azpiko inflazioa, energiaren eta elikagaien prezioa kontuan hartzen ez duena, %2,6ra iritsiko da aurten (%1,9 esan zuen abenduan).

Lagardek ohartarazi du hori dela gehien espero duen egoera, baina, gerrak ziurgabetasuna handitu duenez, beste bi egoera posible aurreikusi ditu, biak ala biak okerragoak. Bihar da ematekoa iragarpen horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.