EAJk eskatu du hezkuntza itunean euskara gatazkatik ateratzeko

EAJk eredu eleaniztunaren alde egin du, irakasgaiak hiru hizkuntzatan emateko aukera zabalduta, baina euskara «ardatz» izanik. Elkarrekin Podemos-IUk uste du akordiotik «gertuago» daudela, iruditzen baitzaie gobernuko alderdiak pausoak ematen ari direla publikotasunaren alde.

Leixuri Arrizabalaga EAJren legebiltzarkidea, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 11
17:05
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordiorako lehen testuari aurkeztutako zuzenketak bozkatzeko astebete falta dela, ituna erdiesteko aukerarik badela dirudi. EAJk, bederen, akordio zabala lortzeko parada ikusten du, Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak EITB1en esan duenez: «Guk beti ikusten dugu adostasun zabaletarako aukera». Adostasun horretan egon nahi du Elkarrekin Podemos-IUk ere, eta, Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen hitzetan, «gertuago» daude itunetik.

Gaur astebete amaitu zen eragileek eta alderdi politikoek dokumentuari zuzenketak aurkezteko epea, eta eztabaidan buru-belarri jarraitzen dute indar politikoek. Ahal bezainbat alderdi batzea du begiz joa Arrizabalagak: «Gehiengo absolutua daukagu talde sozialistarekin [Eusko] Legebiltzarrean. Hala ere, lege eta ekinaldi guztietan saiatzen ari gara —nahiz eta gure kontura aurrera atera ahal izan— ahalik eta akordio zabalenetara iristen. Hori oinarri hartuta, guk aukera ikusten dugu». Bidean, ordea, topatu dituzte oztopo batzuk ere. Esaterako, PSE-EErekin desadostasunak izan dituztela aitortu du, baita zenbaitetan EH Bildutik gertuago egon direla onartu ere: «Kasu honetan, baliteke aspektu batzuetan EH Bildurekin pareko ideia edo jarrera izatea, eta ez hain parekoa talde sozialistarekin». Ordea, gobernukidearekin zituzten desadostasunak leundu dituzte: «Gure artean hain parekoak ez ziren ideia horiek argitu, eta adostasunak lortu ditugu».

Lege berriarekin, etorkizunari erreparatu nahi dio Arrizabalagak, «erronka eta helburu» berriei erantzun: «Gure helburua bikaintasuna da, integrazioa, inklusioa, hezkidetza, aniztasuna...». Aldiz, «eztabaida zaharrak», hala nola euskararena eta sare publikoaren eta itunpekoaren auzia, «gatazkatik» ateratzeko eskatu du: «Euskadin ez daukagu inolako arazorik euskararekin. Duela 40 urte konpondutako zerbait da, adostasun handia izan zuena». Orain, eredu eleaniztuna proposatu du: «Esparru eleaniztun baten inguruan hitz egiten ari gara, betiere euskara ardatz delarik. Eleaniztunak zer esan nahi du? Euskara eta gaztelera eta bestelako hizkuntza batekin joka dezakegula, eta irakasgaiak batean zein bestean eman daitezkeela, baina betiere funtsezkoa edo garrantzitsuena euskara izanik».

Sare publikoari eta itunpekoari dagokienez, nabarmendu du elkarren «osagarri» direla, «ardatza» publikoa izan arren: «Bata eta bestea osagarri dira, nahiz eta ardatza publikoa den, beti izan den moduan». Halaber, gaineratu du egungo egoera ez dela «kapritxo» bat: «Gaur egungo egoera ez da kapritxo bat: duela 40 urte bizi izan genuen egoera politiko eta sozialaren erantzuna da».

Elkarrekin Podemos-IU, akordiorako prest

Hezkuntza akordio horretan egon nahi dutenetako bat Elkarrekin Podemos-IU da. Gainera, itunetik «gertuago« ikusten dute beren burua, gaur Eusko Legebiltzarrean egin duten prentsaurrekoan Gorrotxategik azaldu duenez. Izan ere, koalizioak behin eta berriz ezinbestekotzat jo dituen bi gaietan —segregazioa eta publikotasuna— mugimenduak sumatu dituzte gobernuko alderdien aldetik: «Gobernua bere jarreratik mugiarazten ari gara». Azaldu dutenez, bi gai horiei lotuta dago negoziazioen funtsa: eskola maparen plangintzari erreparatu nahi diote, «bereizketaren aurkako neurri zehatzekin», baita eskola publikoaren pisua handitu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.