Kolonbia

Uribismoa hondoratu egin da, eta ezkerra hazi parlamentuan

Ezkerrak 25 aulki lortu ditu Kongresuan, baina eskuin zatituak gehiengoari eutsiko dio

Gustavo Petro Itun Historioaren hautagaia emaitzak ospatzen, Francia Márquezekin, gaur, Bogotan. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA / EFE
2022ko martxoaren 14a
10:28
Entzun

Kolonbiako ezkerra Itun Historikoa blokean aurkeztu zen atzoko hauteskundeetara, eta badirudi herritarrek saria eman diotela batasunari. Izan ere, ezkerrak hamazazpi aulki lortu ditu Senatuan eta 25 Kongresuan.

Edonola ere, eskuina nagusi izango da berriro Kongresuan, zazpi alderditan zatikatuta bada ere. Beraz, Itun Historikoak hitz egin beharko du Aliantza Berdearen eta Itxaropen Zentroa koalizioekin, eskuinaren indarrari aurre egin nahi badio.

Uribismoak kolpe latza hartu du. Hemeretzi senatari zituen Zentro Demokratikoak, eta lehen indarra zen. Baina, atzoko bozen ostean, bosgarren indarra bihurtu da. Duela lau urte baino 700.000 boto gutxiago jaso ditu alderdiak: 1,8 milioi boto jaso zituen orduan.

Kongresuan ere hamazazpi aulki galdu ditu, eta hamabost ordezkarirekin geratuko da Ivan Duque presidentearen alderdia.

Eskuineko Aldaketa Erradikala alderdiak ere boto asko galdu ditu.

Ezkerraren hazkundea

Mahaien %96,03ko botoak zenbatuta, Itun Historikoaren Senaturako zerrendak 2.246.024 boto jaso ditu (aurreko bozetan 1,2 milioi), eta Kongresukoak 2.475.953 (duela lau urteko bozetan, 815.381).

Horrez gain, lehen aldiz, gatazkaren hamasei biktima sartu egingo dira ordezkarien ganberan, horretarako gordetako aulkiez baliatuta.

Edonola ere, bada ika-mika horren inguruan, aulkietako bat Jorge Tovarrek hartuko duelako. Rodrigo Tovar Pupo Jorge 40 ezizeneko paramilitar ohiaren semea da, baina biktimatzat hartu dute, gerrillak haren osaba hil zuelako 2009. urtean.

Alderdi politiko gehienak hiru koaliziotan elkartu dira bozetarako. Batetik, ezkerreko indarrek osatzen duten Itun Historikoan; bigarrenik, politikoki zentroan dauden alderdiak biltzen dituen Aliantza Berdea eta Itxaropen Zentroa koalizioan; eta, hirugarrenik, Kolonbiaren Aldeko Taldea eskuindarrean. Horiez gain, badira bakarrik lehiatzea erabaki dutenak ere; kasurako, Alvaro Uribe presidente ohiaren Zentro Demokratikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.