Zinema

William Hurt aktorea hil da, 71 urterekin

Zinema ikur bat izan zen 1980ko hamarkadan, eta Oscar sari bat ere irabazi zuen.

William Hurt aktorea. BERRIA
aitor biain
2022ko martxoaren 14a
11:49
Entzun

William Hurt aktore estatubatuarra 71 urterekin hil dela jakinarazi dute haren ingurukoek. Zinema ikur handi bat izan zen Hurt 1980ko hamarkadan, antzeztu zituen nortasun handiko rolengatik. Oscar sari bat ere irabazi zuen garai hartan. Prostatako minbizia diagnostikatu zioten 2018an, eta gaixotasunak eragindako albo kalteengatik hil da.

1950ean jaio zen, Washingtonen. Teologia ikasketak egin zituen Tuftseko unibertsitatean, eta aktore izateko ikasi zuen gero Julliard arte eskola ospetsuan. Ikaskide izan zituen Robin Williams eta Christopher Reeve aktoreak, hain zuzen. 1980an egin zuen debuta kameraren aurrean; Ken Russellen Altered States beldurrezko filmean izan zen. Gerora etorriko ziren Eyewitness (Peter Yates, 1981) thrillerra, eta Hollywooden ospea emango zion Body Heat (Lawrence Kasdan, 1981) thriller erotikoa.

Emile Ardolino zinemagilearen Kiss of the Spider Woman filmean antzeztu zuen rolagatik irabazi zuen Oscar saria, ordea, 1982an. Argentinako espetxe bateko ziega partekatzen duten bi gizonen istorioa kontatzen du filmak. Sona handia izan zuen garai hartan Hurten antzezpenak, eta, horri esker, paper garrantzitsuak lortu zituen hurrengo urteetan. Lau alditan izendatu zuten Oscar sarietarako.

Protagonistaren rolak jokatzetik, bigarren mailako pertsonaiak antzeztera igaro zen 1990eko hamarkadan. Indar handiko pertsonaiak izan ziren, edonola ere. Horien artean daude, besteak beste, A.I. Artificial Intelligence (2001) The Village (2004), edota The good shepherd (2006). Marvel unibertsoko filmetan hartu du parte azken urteetan, Thaddeus Ross pertsonaia gorpuzten.

Antzerkian ere aritu zen Hurt; William Shakespeareren obrak antzeztu zituen, batez ere. Tony sari bat irabazteko izendatu zuten 1985ean, Hurlyburly obragatik. Eta telebistan ere maiz aritu zen. Hain zuzen, Amazonek ekoiztutako Goliath seriea izan zen hil aurretik egin zuen azken lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.