Abortua

Gizonezko batek eraso egin dio ekintzaile feminista bati, abortatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik

Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, Donostiako Amara auzoan gertatu da erasoa, joan den ostegunean. Ertzaintzak gizonezko bat identifikatu du erasotzailea delakoan. Elkarretaratzea egin dute arratsaldean, biktimari babesa emateko.

Abortu eskubidearen aldeko manifestazioa Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2022ko martxoaren 14a
15:37
Entzun

Gizonezko batek emakumezko bati eraso egin dio Donostiako Amara auzoan, abortatzeko eskubidearen aldeko lelo feministak zituen kartel batzuekin protesta egiteagatik. Irutxuloko Hitza-k zabaldu du gertatutakoari buruzko informazioa. Jakinarazi duenez, Askabide klinikako atari parean gertatu da erasoa, iragan astean. Talde «ultrakatoliko» bateko zenbait pertsona abortuaren kontrako protestak egiten hasi ziren hilabete hasieran: otoitzean aritzen dira, eta jazarri egiten diete hara joaten emakumeei. Horri erantzuteko, auzoko zenbait ekintzaile feminista abortu eskubidea aldarrikatzeko ekintzak egiten ari dira azkenaldian. Iragan ostegunean ekintzaile bakarra joan zen protestara, eta orduan jasan zuen erasoa. Biktimak lesio «arin-ertainak» ditu.

Emakumezkoak Irutxuloko Hitza-ri kontatu dionez, gizonezkoa ustekabean azaldu zen klinika atarira, eta mehatxuka hasi zitzaion, «ero moduan», abortistak hil eginen zituela oihuka. Abortatzeko eskubidearen aldeko mezuak zeramatzaten kartelak hausten hasi zen. Emakumezkoa, berriz, gizonezkoa geldiarazten ahalegindu zen, baina gizonak besotik heldu zion, eta aurpegian jo zuen.

Gizonezkoak ihes egin zuen, baina, handik gutxira, zenbait bizilagunek erdietsi egin zuten hura atzematea inguruan. Ertzaintzak identifikatu egin du. Emandako datuen arabera, 50 urte ingurukoa da.

Erasoa gaitzetsi eta biktimari babesa azaltzeko, Amara auzoko ekintzaileek elkarretaratzea egin dute gaur, klinikaren parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.