Energia merkatua

Madril gasolinaren zerga berezia jaistea aztertzen ari da

Europak ezarritako gutxienekoaren gainetik dago tasa.

Gasteizko gasolindegi bat. ENDRIKA PORTILLO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 15a
12:52
Entzun

Lehenengo elektrizitatea izan zen, eta orain gasolina ere izan daiteke. Pedro Sanchez gobernuburuak iragarri du martxoaren 29ko Ministroen Kontseiluak deskontu fiskalak jasoko dituen neurri sorta bat onartuko duela eta litekeena dela horien artean gasolinari dagozkionak ere egotea. Neurri horiek adosteko asmoz, elkarrizketak hasiko ditu Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten taldeekin eta eragile sozialekin. Datorren asteko Europako Batzordearen erabakiek baldintzatuko dituzte neurri horiek.

Madrilgo gobernuak ez du zehaztasunik eman gaurko Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian. Energien fakturen ordainketan laguntzeko bonu sozialean zenbait aldaketa sartzea aurreikusita zegoen, baina ez du erabakirik hartu.

Erregaiei dagokienez, bi zerga ezartzen dizkie Espainiako Estatuak: balio erantsiaren gainekoa (BEZ) eta hidrokarburoen zerga berezia. Aurrenekoari dagokionez, zailagoa du Madrilek deskontu bat ezartzea. Bigarrenean, Europako zuzentarauak markatzen duen gutxieneko tasara jaisteko arazorik ez luke izango, eta, gaur-gaurkoz, aukerarik egingarriena litzateke.

Zerga hori erregai litroari aplikatzen zaio, eta publikoarentzako salmenta prezioaren %32 da. Orain 473 euro zergapetzen ditu 1.000 gasolina litroko (0,47 litro bakoitzeko); Europako zuzentarauak 359 euroan jartzen du gutxieneko tasa. Gasolioan tarte txikiagoa dago: gaur egun 379 eurokoa ezartzen du Espainiako Estatuak, eta Europak 307 eurotan jartzen du minimoa.p>

Ikusi gehiago:Ezantza litroak hamabost zentimoko deskontua izango du lau hilabetez Iparraldean

BEZa murriztea zailagoa litzateke, Madrilek Bruselaren baimena behar baitu horretarako. Izan ere, gasolina, orain arte behintzat, gehienezko tasara zergapetu behar diren ondasunen zerrendan sartzera behartzen du Europak, eta Espainiako Estatuan %21ekoa da gehienezko tasa. Gogoratu behar da, gainera, BEZaren zergaren zati bat Europako Batasuna finantzatzeko erabiltzen dela.

Erregaien zergak diru sarrera handia dira estatuarentzat eta autonomia erkidegoentzat. Hego Euskal Herrian, bertako ogasunek biltzen dituzte tasa horiek, eta Madrilera bidaltzen dituzte; gero, horren zati bat jasotzen dute bueltan, kontzertu zein hitzarmen ekonomikoaren bidez adostutako kupoak zehaztutako kopuruetan.

Ukrainan gerra hasi zenetik, gasolinaren prezioak %15,5 egin du gora, eta dieselarenak, %22,7, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera.

Mugimenduak herrialde guztietan

Zerga sistema zuzenean ukitu gabe, Europak Batasuneko beste herrialde batzuk hasi dira deskontuak ezartzen: Frantzian, litroko 15 zentimokoa. Diru publikoz finantzatuko da neurria. Neurri bera hartu du Esloveniak: gasolina eta diesela 6 eta 13 zentimo murriztuko ditu, hurrenez hurren.

Belgikak, berriz, hidrokarburoen gaineko zerga berezia murriztuko du, litroko 0,175 euro, ekainera arte. Beste neurri batzuk ere iragarri ditu, gasaren eta garraio publikoaren prezioekin lotuta. Ez du baztertzen egun funtzionamenduan dauden erreaktore nuklear batzuen bizitza luzatzea. Alemaniak, berriz, baztertu egin du aukera hori. Datozen egunetan bere neurri sorta iragarriko du.

Gasolinaren prezioa mugatzeaz gain, baliteke Madrilek beste erabaki batzuk ere hartzea. Besteak beste, aldaketak prestatzen ari da bonu sozialaren finantzaketa ereduan; energien fakturak ordaintzeko kontsumitzaile ahulenek eta familia ugariek jasotzen duten laguntza da bonu soziala.

Hein batean, datorren astean egingo den Europako Batzordearen bileran estatuburuek adostuko dutenaren zain daude denak. Hizpide izango dituzten neurrien artean argiaren eta gas naturalaren prezioak bereizteko neurria dago.

Eusko Jaurlaritza, zain

Eusko Jaurlaritza ere zain dago oraindik Espainiak eta Europak zer erabaki, berak ere neurri batzuk hartzeko. Litekeena da datorren astean ematea horien berri, Bingen Zupiria bozeramaileak gaurko gobernu kontseiluaren ostean adierazi duenez.

Zupiriak aurreratu duenez, enpresentzako «finantzaketa tresna berriak» aktibatzeko asmoa du Jaurlaritzak, eta Ukrainako gerrak eragindako merkatuetan jarduten dutenak «lagunduko» ditu; neurri zehatzak aztertzen ari da Finantzen Euskal Institutua. «Goiz da zenbatekoei eta artikulazioari buruzko xehetasunak emateko, baina espero dugu hurrengo gobernu kontseiluan tresna berri horiek eskura izango ditugula».

Aldi berean, enpresei dei egin die Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako programez balia daitezen. Industria sektoreko energia eraginkortasunera bideratuta daude: ibilgailu alternatiboak erosteko, autokontsumorako eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko eta fatxadak birgaitzeko. Zupiriak aitortu du laguntza horiek ez dituztela berehala asetzen enpresek orain dituzten beharrak, baina nabarmendu du aurrera begira lagungarriak izan daitezkeela, enpresen energia beharrei irtenbidea emateko.

Era berean, Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia lehen sektoreko ordezkariekin bilduko dela bihar, eta logistikaren arloko ordezkariekin ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.