Etxegabetzeak

Ezer jasotzeko betarik eman gabe kaleratu dituzte Donostian hustu duten etxebizitzako bizikideak

Ategorrieta auzoan dago etxebizitza, eta Azora funtsen taldeak eskatuta hustu dute. Kaleratzeak Stop plataformako kideek Donostiako Udalari galdegin diote 'non grata' izenda dezala Azora enpresa.

Etxegabetzearen aurka mobilizatu diren hainbat bizilagun. BEñAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA
2022ko martxoaren 16a
10:45
Entzun

Ezertarako tarterik utzi gabe kaleratu dituzte Donostiako Ategorrieta auzoan hustu duten etxean bizi ziren errentariak. Ez diete denborarik utzi ondasunak eta bestelakoak hartzeko, eta Ertzaintzako agenteen eta haiei babesa adieraztera joan diren bizilagunen begiradapean irten behar izan dute etxetik. Han izan da Beñat Parra Irutxuloko Hitza komunikabideko kazetaria, eta Twitter bidez egin du zuzeneko kontakizuna. Kazetariak kontatu duenez, kaleratu dituzten errentariak orga batekin eta zakurrarekin atera dira etxetik, eta esan dute ez dakitela non egingo duten lo gaur.

Azora funtsen taldearen eskakizunari erantzunez hustu dute etxebizitza. Sareetan etxegabetzearen berri eman duen kazetariaren arabera, tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintza eraikineko ezkaratzera hurbiltzen hasi denean, eta pertsona bat atxilotu dute. Han izan da Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako ordezkaria ere, eta, kazetariei eta herritarrei esan dienez, Azora bera da etxegabetzearen «errudun bakarra» eta Ertzaintza joan zedin eskatu duena. Donostiako Udalari galdegin dio Azora erakunde non grata izendatzeko.

Adierazpen horiek egin ondoren, Iñaki Setien etxegabetu nahi duten herritarretako batekin hitz egitera joan da Garcia, baina Ertzaintzako agenteek ez diote utzi. Esan diote epaitegiko langileak iritsi arte ezin dela sartu. Epaitegiko langileak eta Azorako ordezkariak iristean sartu da barrura.

Ateratzean, adierazpen gehiago egin ditu Kaleratzeak Stop plataformako kideak. Azaldu du Setienek eta haren familiak ezin izan dutela etxebizitza hustu, eta batzorde judizialarekin hitz egiten ari zirela horretarako tarte bat eman ziezaieten. Halaber, nabarmendu du Azoraren beste hamar bat maizter ere arriskuan daudela.

Zurrumurruak, lehenagotik

Orain bi urte hasi ziren etxegabetzearen inguruko zurrumurruak hauspotzen. Donostiako Gros auzoko Saretxe etxebizitza sindikatuak, kasurako, agerraldi bat egin zuen iaz, salatzeko Azora funtsen taldeak joan den urtean erositako eraikin horretan bizi diren hainbat bizilagun etxegabetze arriskuan zeudela.

Oraindik ez zegoen sententziarik, baina etxegabetzeko agindua laster helduko zela esan zuten sindikatuko kideek, eta ohartarazpen garbi bat eman zuen: «Azora funtsen taldeak aurrerapauso bat eman du bere proiektu espekulatiboan». Hain zuzen, funtsen taldeak Ategorrieta kaleko eraikineko bizilagunen alokairuak %33 garestitu dituela gogoratu zuten Saretxe sindikatuko kideek, eta azpimarratu zuten errenta ordaintzeko ezintasuna baliatuta kanporatu nahi zituztela.

Ikusi gehiago:Etxegabetze baten arriskuaz ohartarazi dute Donostian

Setienek eta auzo horretako beste hainbat bizilagunek ere egina zuten Azoraren aurkako salaketa. BERRIAk 2020ko otsailaren 16an jaso zuen salaketa horren berri. Iñaki Setienen eta haren familiaren kasua jaso zuen artikulu batean: Setienen emaztearen familia Donostiako Gros auzoan alokatua duten etxe batean bizi da, 1923. urtetik. Orain arte, «oso ona» izan da harremana etxearen jabe zen Vascongada higiezinen agentziarekin, eta uste zuten handik inork ez zituela mugituko.

Hortik denbora gutxira, baina, kontratua ez zietela berrituko zioen burofax bat jaso zuten bizilagun batzuek, eta gerora argitu zen dena: Azorari saldu zizkioten etxeak. «Guk 2021era arte dugu kontratua, baina batzuk berehala gera daitezke kalean; erabatekoa da segurtasunik eza oraintxe», adierazi zuen.

Ikusi gehiago:«Bizilagun batzuk berehala joan daitezke kalera; erabatekoa da segurtasunik eza oraintxe»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.