'Kote Cabezudo kasua'

Modeloetako batek salatu du Cabezudok 150 aldiz bortxatu zuela

Argazkilariaren kontrako salaketa jarri duten andreek deklaratzen jarraitzen dute epaiketan, ateak itxita. 150 aldiz bortxatu zuela salatu duen emakumea, akusazio partikularrak epaiketa aurretik aurkeztu duen idatziaren arabera, adingabea zela hasi zen bortxatzen. Grabatu ere egin zuen zenbaitetan.

arantxa iraola
2022ko martxoaren 16a
12:51
Entzun

«Gutxienez 150 aldiz, 150 egunetan». Akusazio partikularrak Kote Cabezudoren aurkako epaiketara eraman duen salaketetako baten arabera, aldi horietan guztietan bortxatu zuen argazkilariak bere modeloetako bat. Hain justu, gaur egokitu zaio andre horri epaimahaiaren aurrean deklaratzea. Argazkilariari leporatzen zaizkion deliturik larrienak andre horrek salatutakoak dira, eta, hein handi batean, horietan oinarrituta egin du akusazio partikularrak akusatuaren gaineko zigor eskaria: 2.158 kartzela urte. Gainerako modeloek ere salatutakoak aintzat hartuta, 2.388 urte eskatu ditu denera. Apalagoa da fiskalaren eskea: 121 urte guztira.

Efe agentziak azaldu duenez, akusazio partikularrak epaiketa aurretik aurkeztutako idatziaren arabera, 2004. urtean hasi zen bortxaketak salatu dituen andre hori Cabezudorekin lanean, 14 urte zituela. Sexu harremanak izatera behartu zuela salatu du, eta grabatu ere egiten zituela zenbaitetan harreman horiek. Adingabea zela hasi ziren bortxaketak, eta gero ere jarraitu egin zuten. Akusazio partikularraren arabera, «beldurrak hartuta» zegoen modeloa, argazkilariak esaten baitzion bere nahiak betetzen ez bazituen argitara aterako zituela eginak zizkion argazki guztiak.

Gainerako salatzaileen artean, abusuak salatu dituzte hainbatek. Beste askoren salaketaren funtsa da argazkilariak biluzik argazkiak egiten zizkiela argazki horien erabileraren inguruan «behar adinako» informaziorik eman gabe, eta gero nahieran erabiltzen zituela irudi horiek Interneten.

Joan den astean hasi zen Kote Cabezudoren kontrako epaiketa,eta aste honetan biktimak ari dira deklaratzen. Hamasei dira denera. Ateak itxita ari dira hitz egiten. Akusazio partikularrak eskatu zuen hori. Epaimahaiak adierazi zuen egon zitekeela era modeloen intimitatea babestu eta, aldi berean, auzi aretoan esaten zirenak entzuteko, bertara inor ere sartu gabe. Baina biktimen deklarazioak ateak itxita egiteko eskeari tinko eutsi zion akusazio partikularrak, eta onartu egin zen hori horrela izatea.

Akusatuak berak lehengo astean deklaratu zuen. Modeloei egiten zizkien argazkiak haiekin adostuta egoten zirela azaldu zuen, kontratu batean zehazten zituela kontu horiek, eta adingabeen gurasoek ere izaten zutela kontratu horietan zehaztutako edukien berri. Andreak «zuzendu» besterik ez zituela egiten esan zuen argazkilariak: «Ni nintzen orkestra zuzendaria».

1990eko eta 2000ko hamarraldietan argazkilari ezaguna izan zen Cabezudo, Gipuzkoa aldean bereziki. Moda kontuekin sona izan zuen, eta erotismora ere egin zuen aurrerago, gero eta nabarmenago. Epaiketan esan zuen berak ez zuela inoiz «pornografiarik» egin eta «artea» egiten zuela adieraztera bideratu zuen bere deklarazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.