Koronabirusa

Txertoaren patentea eteteko aurreakordioa lortu dute EBk, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak

Proposamena indarrean sartzeko, beharrezkoa da Munduko Merkataritza Erakundeak hura aho batez onartzea.

Kenyako erizain bat, emakume bati koronabirusaren kontrako txertoa jartzen, Nairobiko ospitale batean. DANIEL IRUNGU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 16a
16:17
Entzun

Urtebeteko blokeoaren ostean, COVID-19aren kontrako txertoaren patentea behin-behinean indargabetzeko aurreakordioa lortu dute EB Europako Batasunak, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak. «Aurrerapauso handia da», Ngozi Okonjo-Iweala MME Munduko Merkataritza Erakundeko zuzendari nagusiaren esanetan. Baina gaineratu du «lan handia» dagoela egiteko, akordio zirriborro hori indarrean jar dadin, beharrezko baldintza baita proposamenak MMEko 164 kideen oniritzia jasotzea. Hau da, estatu kide bakar baten kontrako botoa nahikoa litzateke hura zapuzteko.

EBren, AEBen, Indiaren eta Hegoafrikaren arteko konpromisoa MMEk bere egingo balu, aukera emango lieke estatuei koronabirusaren kontrako txertoa beren kabuz ekoizteko. Batez ere, herrialde pobretuei egingo lieke mesede, sarbidea emango liekeelako mRNA motako txertoak ekoizteko teknikei. Hain justu, baliabide ekonomiko urrienak dituzten herrialdeetan txertatze maila nabarmen baxuagoa da herrialde aberatsenen mailarekin alderatuta, behar zuten txerto kopurua eskuratzeko izan dituzten zailtasunengatik.

Laukoaren proposamenak, ordea, zenbait muga zehaztez ditu. Horietako bat da produkzioa ez dela libre izango estatu guztientzat. Soilik horretarako aukera izango dute COVID-19aren kontrako txertoen mundu mailako esportazioetan, iaz, kopuru osoaren %10 gainditu ez zuten herrialdeek. Baldintza horrek kanpoan utziko luke Txina.

Bestalde, laukoaren proposamenak ez du zehazten patenteen indargabetzea hiru ala bost urterako izango litzatekeen. Zirriborroaren arabera, MMEk sei hilabeteko epean erabaki beharko luke jabetza eskubideen behin-behineko indargabetzea diagnostikoetarako eta tratamenduetarako osasun baliabideetara ere hedatuko ote duten.

IFPMA Farmazia Ekoizleen eta Elkarteen Nazioarteko Federazioak gaitzetsi egin du egitasmoa. Haren iritziz, patenteen eteteak kaltetu egingo luke farmazia enpresek «etorkizuneko krisiei erantzuteko» duten ahalmena. «Patenteak orain malgutzeak, COVID-19aren txertoak hornitzeko arazorik ez dagoenean, okerreko mezua bidaltzen du", Thomas Cueni IFPMAko zuzendari nagusiaren iritziz.

Herritarren Txertoen Aliantzak, berriz, salatu du proposamena ez dela behar besteko ausarta. 90 elkarte baino gehiago biltzen dituen koalizioaren ustez, ez ditu aintzat hartu jabetza intelektualari lotutako zenbait muga; merkataritza sekretuari dagozkionak, esaterako. Patenteen indargabetzea tratamenduetara zabaltzeko beharra ere nabarmendu dute, «milioika bizitza» salbatzen lagunduko duela iritzita.

EBk, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak joan den astean azkartu zituzten negoziazioak, eta gaur egin da publiko lau horien konpromisoa. Indiak eta Hegoafrikak 2020an aurkeztu zuten txertoen patenteak behin-behinean indargabetzeko proposamena MMEn, pandemiaren hasierako hilabeteetan, baina zenbait herrialdek blokeatu egin dute horretarako bidea; besteren artean, Suitzak eta Erresuma Batuak. Farmazia enpresek pisu handia dute bi herrialde horien ekonomietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.