Krisi energetikoa

Frantziak gasaren eta argindarraren kostuaren zati bat ordainduko die enpresei

Arrantzaleei gasolio litroko 35 zentimoko laguntza emango die, eta 400 milioi jarriko ditu nekazariei eta abeltzainei laguntzeko.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 16a
18:16
Entzun

Frantziako Gobernuak diru publikoarekin estali nahi du energia garestiak bere herritarrei eta enpresei egiten dien kalte ekonomiko handia. Iragan astean Jean Castex lehen ministroak iragarri zuen apirilaren 1etik aurrera erregai litroko hamabost zentimoren kostua bere gain hartuko zuela. Gaur zehaztu duenez, laguntza hori izango dute ezantza eta gasolioa lanerako baliatzen duten beste guztiek ere, eta GNL petrolio gas likidotua eta gas naturala erregai gisa erabiltzen dutenentzat ere izango da.

Gaur, berriz, Erresilientziarako Plan Ekonomiko eta Soziala izenekoa aurkeztu du Castexek, Bruno Le Maire Ekonomia ministroarekin batera. Azaldu duenez, energiaren prezioaren inguruan krisi luzea espero du Parisko gobernuak, eta horri erantzutera dator plana.

Neurri nagusia izango da Frantziako Estatuak bere gain hartuko duela enpresa batzuen gas eta argindar kostuen zati bat. Zehazki, «gainkostuaren erdia» jarriko du bere sakelatik.

Bi baldintza bete beharko dituzte: gas eta argindar kostuak haien fakturazioaren %3 baino gehiago izatea, eta faktura hori ordaintzeak galerak ekarri ahal izatea. Pentsatzekoa denez, industria izango da laguntza horren jasotzaile nagusia. Le Mairek espresuki aipatu ditu metalgintzako enpresak, kimikoak, papergintzakoak, elikagai industria eta laborariak.

Gainera, energia asko erabiltzen duten enpresei mailegu bermatu gehiago erraztuko die Parisko gobernuak, eta malgutasun handiagoa emango die zergak eta gizarte kotizazioak ordaintzeko.

Arrantzaleak eta abeltzainak

Lehen sektorearentzat ere izango dira laguntza publikoak. Bihartik antzina eta uztailaren 31ra arte, arrantzontzien jabeei gasolio litroko 35 zentimoko laguntza banatuko die. Abeltzainei eta laborariei, berriz, 400 milioi euroko funts batetik banatuko die dirua.

Castexek baztertu egin du estatua argindar garestiarekin bere kutxak betetzen ari denik. Haren datuen arabera, zergen bitartez 4.500 milioi euro gehiago bildu ditu, baina jada 22.000 milioi euro gastatu ditu prezioei eusteko tresnetan. Ez du zehaztu gaur onartutako neurriek zer kostu izango duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.