Energien garestitzeak ataka estuan jarri ditu enpresa asko. Hala diote enpresaburuen elkarteek. Confebaskek ohartarazi duenez, litekeena da enpresa batzuk egun gutxi barru «ixtera behartuta» egotea. «Sektore guztiak arriskuan daude, mota eta tamaina guztietako enpresak eta, oro har, euskal ekonomiaren bideragarritasuna». Ohar batean, patronalak ohartarazi du egoera «okerrera» egiten ari dela modu «oso azkarrean eta larrian», eta hainbat enpresa «nekez konponduko den egoera batera» heltzen ari direla. Azpimarratu duenez, neurriak berehala hartzen ez badira, industriak ezin izango dio bere jarduerari askoz denbora gehiagoan eutsi, eta horrek «aurreikusi ezin diren ondorio ezezagunak» izan ditzake «enpleguan eta gizarte osoan oro har».
Hala, bat egin du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ostegunean Espainiako Gobernuari bidalitako mezuarekin: «hilaren 29ra itxaron gabe» energien prezioak berehala jaisteko eskatu du. Madrilek egun horretarako iragarri ditu neurriak; datorren astean Europar Kontseiluak zer erabaki itxaron nahi du. Confebaskek gogorarazi du «erreferentzia» diren beste herrialde batzuek neurriak hartu dituztela jada.
Gasolinari dagokionez, Madrilek esku artean dituen aukeren artean daude hidrokarburoen zerga berezia jaistea eta diru laguntza zuzenak ematea. Argindarrean, Pedro Sanchezen gobernuak Europan eskatuko du elektrizitatearen fakturan gasaren prezioa bereiztea eta argindarraren megawatt-orduaren prezioa 180 eurokoa izatea gehienez. Gasa eta elektrizitatea bereiztearen aurka daude herrialde batzuk: Alemania, adibidez. Confebaskek uste du argia 180 eurora mugatzeak ez duela arazoa konpontzen, horrek kostu «onartezina» izaten jarraitzen duelako industria osoarentzat, ez bakarrik elektrointentsiboarentzat.
Garraiolarien greba
Garraiolariek bosgarren greba eguna izan dute ostiral honetan, eta patronalak kezka agertu du protesta gehiago luzatuz gero sektore batzuetan arazo larriak izan ditzaketelako lehengaiekin eta ekoitzitakoa kanpora ateratzeko.
Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak bat egin du mobilizazioekin. Patxi Agirre bozeramaileak azaldu duenez, haien egoera «jasanezina» da, erregaien prezioak neurrigabe garestitu direlako, baina baita azken urteetan hartu diren beste neurri batzuengatik ere, eta administrazioei eskatu die urratsak «lehenbailehen» egiteko egoera konpontzeko: «Bestela, hau guztia lehertu egingo da».
Ostiral honetan 200 kamioilari inguru Gipuzkoako errepideetan mobilizatu dira, eta protesta egin dute Batzar Nagusietan eta Adegi patronalaren egoitzaren aurrean. Gogorarazi dute kamioientzat soilik Gipuzkoako errepide batzuetan jarri dituzten bidesariek are gehiago zaildu dutela haien egoera.
Sektore ugaritan nabaritzen ari dira grebaren eraginak. Esnegintzan, esaterako, eta abeltzainek bereziki, ENBAren arabera. Sindikatuak «sabotajeak» eta «Camorraren gisako jarrerak» salatu ditu gutxieneko zerbitzuak bermatzeko lanean ari diren garraiolarien aurka. Esnearekin aritzen direnen kontra, baina baita animaliak, pentsua eta sendagaiak garraiatzen dituztenen aurka ere. Jaurlaritzako Segurtasun Sailari «irmo jokatzeko» eskatu diote.
Mercabilbaon eta Mercairuñan, berriz, azaldu dute ez dutela gabeziarik, elikagaiak biltzeko neurriak hartu zituztelako greba hasi aurreko egunetan. Aitortu dute, hori bai, egoera okertu daitekeela, Espainian gogortzen ari direlako protestak, eta barazki eta fruta gehien handik jasotzen dutelako.
Baina greba industrian uzten ari da arrastorik sakonena. Iruñeko Volkswagenen lantegiak ostiral honetan jakinarazi du astelehenean geldituko dela arrazoi horregatik.