Bertsolaritza

Arabako Bertsolari Txapelketa apirilaren 1ean abiatuko da, Amurrion

Ekainaren 11n egingo dute finala, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Guztira, 30 bertsolari ariko dira kantuan. 

Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, gaur, Laudioko Aiaraldea Ekintza Faktorian. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko martxoaren 19a
14:04
Entzun

Arabako txapela bertsolari bakarrak jantziko du aurten ostera. Ohiko formatura itzuliko da lehiaketa modu horretan; koronabirusaren izurriak behartuta, egokitu egin behar izan baitzuten iazkoa, eta binaka aritu behar izan zuten kantuan bertsolariek. XV. aldia izango da aurtengoa, eta apirilaren 1ean hasiko dira kanporaketak, Amurrion; finala, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Tarte horretan, lau kanporaketa jokatuko dira, 11 saiotan banatuta. Eta 30 bertsolari ariko dira kantuan, inoiz baino gehiago. Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Gaur argitu dituzte txapelketaren nondik norakoak, Laudion; Aiaraldea Ekintza Faktorian egin dute agerraldia. 1982an aurreneko Arabako bertso eskolak sortu ziren herrietako bat da Laudio, Gasteizekin batera, eta urteurren hori gogora ekarri nahi izan dute antolatzaileek aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira orduko irakasleak eta gaur egungoak, eta, nola ez, baita Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta txapelketan kantuan ariko diren bertsolariak eta gaiak jartzen eta aurkezten ariko direnak ere.

Manex Agirre eta Martin Abarrategi bikote aramaioarrak jantzi zuen bi buruko txapela azkenekoz. 2020ko udazkenean hasi zuten txapelketa, baina eten bat egin behar izan zuten erdian, osasun egoerak behartuta, eta iazko udaberrian amaitu zuten. Legution jokatu zuten finala. Hain zuzen, txapelketak izan dituen askotariko formak ekarri dituzte gogora antolatzaileek aurkezpen ekitaldian, eta azpimarratu dute bidea egiten jarraitu nahi dutela aurrerantzean ere, unean uneko baldintzetara egokituta izan arren. «Argi dugu bidean segitu nahi dugula, ikasten, trebatzen, okerrak zuzentzen, eta, beste behin ere, pausoak harro emanez, zapata zaharrak ahantzi gabe, zapata berriak oinetan jantziz», adierazi du Egoitz Iradierrek, Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak.

Hamar saio eta finala

Txapelketak egitura hau izango du: bost kanporaketa jokatuko dira final zortzirenetan; Amurrion, Guardian, Trebiñun, Legution eta Langraiz Okan izango dira saioak. Final laurdenetan hemezortzi bertsolari ariko dira kantuan, eta hiru kanporaketa jokatuko dira: Dulantzin, Zigoitian eta Aramaion izango dira saioak. Hamabi bertsolari lehiatuko dira Araian eta Izarran jokatuko diren finalerdietan. Eta, azkenik, sei bertsolari ariko dira Gasteizko finalean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera, eta puntuazioaren arabera egingo dute gainontzekoek. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Iaz binakako txapelketa egin zutenez, aurten ez da sailkapen faserik egon. Hori dela eta, inoiz baino bertsolari gehiago ariko dira kantuan hasieratik: 2019ko finalean kantatu zuten bost finalistak eta izena eman duten beste 25 bertsolari lehiatuko dira: 30 lagun denera. Horrez gain, bederatzi aurkezle ariko dira saioetan, eta 11 gai jartzaileko taldeak proposatuko ditu gaiak. Zazpi epailek ere parte hartuko dute txapelketan.

Hutsune bat eta bederatzi aurpegi berri izango dira aurten lehiatuko diren bertsolarien artean. Aroa Arrizubietak ez du parte hartuko, atzerrian dabilelako ikasten –2019ko finalean kantatu zuen–. Bederatzi bertsolarik lehen aldiz hartuko dute parte lehiaketan. Gainera, aurten lehiatuko diren erdiak ez ziren 2019ko txapelketan aritu. Iñaki Viñaspre izan zen txapelduna orduan, eta Manex Agirre sailkatu zen bigarren postuan.

Eukene De los Aires eta Maddi Agirre dira parte hartuko duten bertsolari gazteenak: 18 urte dituzte biek ala biek. Agirre 2021eko Arabako Eskolarteko bertsolari Txapelketako irabazlea da; De los Aires, berriz, azken bi urteetako txapeldunordea. Rikardo Gonzalez de Durana da, ostera, bertsolaririk helduena beste urte batez: 63 urte ditu. Gasteizko bertso eskolako sortzaileetako bat izan zen.

Harri pila bat irudi

Harri pila bat izango du irudi gisa aurtengo txapelketak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Arabako bertsogintzak bertsolaritzaren alorrean eta euskalgintzan egindako bidea nabarmendu nahi izan zuten 2019ko txapelketan, eta aurten ere bide horretatik jarraitu nahi dute, urteetan eraikitako zubiek eta pausoz pauso egindako lanak duen garrantzia azpimarratuta. «Bidean jarraitzen dugu, norabide eta noranzko berean. Banaka egin dezakegu, grinez eta mimoz, hurkoen bidea adierazi diguten harri pilari segika, oreka mantenaraziz, bidean gurutzatzen garenok harri pilari bakoitzak bere harri alea gehituz, pila haziz, handituz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.