Albistea entzun

Mohamed Limam

«Espainiak traizio egin dio beste behin Mendebaldeko Saharari»

Fronte Polisarioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak gaitzetsi egin du «Ukrainan balio duenak» Mendebaldeko Saharan balio ez izatea. Abisua eman du: «Gai honek Espainiako Gobernuko koalizio ahula apur dezake».

Mohamed Limam 2020ko azaroan, Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin Bilbon egin zuen agerraldi batean.
Mohamed Limam 2020ko azaroan, Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin Bilbon egin zuen agerraldi batean. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2022ko martxoak 21 09:42

Mohamed Limam Saharako Fronte Polisarioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria da, eta argi du Rabaten autonomia plana babesteko Espainiaren erabakia zer den: beste traizio bat. Espainiako Gobernuak bat egin zuen ostiralean Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Limamek NBE Nazio Batuen Erakundearen erabakiak errespetatzeko eskatu du, beste behin ere.

Ikusi gehiago: Sanchezek Rabaten autonomia plana babestu izana gaitzetsi dute haren bazkideek

Zer ekarriko du Espainiaren erabakiak Mendebaldeko Sahararentzat?

Espainia Maroko okupatzailea defendatzen ari da bere legez kanpoko jarrerarekin, eta beste behin traizio egin die Saharako herritarrei. NBEk eskatzen duen autodeterminazio eskubidea defendatzeari utzi dio, eta orain legez kanpoko okupazio bat babesten ari da.

Zergatik hartu du erabaki hori Madrilek?

Espainiak, azken finean, ez du ezer irabazten. Ez zaio axola izan okupazio horren legezkotasuna, ezta NBEren babesik ez izatea ere, eta modu ilunean hartu du erabakia. Madrilek ez du argitaratu gutuna, eta Marokoko prentsaren bidez izan dugu haren berri. Espainiak berea ez dena emateko konpromisoa hartu du; Marokorekin ondo geratzeko, Mendebaldeko Sahara eman dio. Espainiak ezin du hori egin: Mendebaldeko Sahara hartzen duen lurraldearen kudeatzailea da.

Zergatik?

Estatuek uko egin diezaieketelako euren eskubideei, baina ez euren zereginei. Hori ez da Mendebaldeko Saharak edo Fronte Polisarioak dioen zerbait, NBEk dioen zerbait baizik. Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne Ministroak ere gauza bera dio Auzitegi Nazionaleko epaile zenean ebatzitako epai batean. Saharan ez da ezer aldatuko; jadanik ohituta gaude.

Sanchezen gutuna nolatan argitaratu du Marokok?

Rabatek, beste behin, fideltasun txikia erakutsi du: Espainiako Gobernuarekin harreman onak dituen arren, gutuna argitaratzea erabaki du, edo haren zati batzuk bai behintzat, Madrilek egin ez duenean. PSOEk ez dio erabakiaren berri eman gobernu koalizioko kideari, oposizioko alderdi nagusiari ere ez, ezta Mendebaldeko Sahararen ordezkariei ere… saltsa ederrean sartu da. Krisi bat itxi nahi izan du beste bat irekiz, horrela Marokorekin dituen harremanak konpontzeko. Mendebaldeko Saharako bake prozesuari ere are eta arazo gehiago sortu dizkio.

Esan duzu Espainiak ez duela ezer irabazten. Zerk eraman du, orduan, erabaki hori orain hartzera?

Gutunean, Sanchezek dio bi herrialdeen osotasun geografikoa errespetatuko dela. Madrilek oraindik esaten du Maroko bazkide estrategikoa dela, baina hark Espainiarenak diren lurraldeak aldarrikatzen jarraitzen du: Marokok ez du argitaratu oharrik esanez uko egiten diela Ceutari, Melillari, eta Kanariar Uharteei. Marokok, gainera, dirutza jasotzen du Europako Batasunetik legez kanpoko immigrazioari eta drogen trafikoari aurre egiteagatik. Hori al da Espainiak akordio horrekin irabaziko duena? Orduan, aitortzen ari da Marokok ezbaian jartzen duela Espainiaren osotasun geografikoa, eta ez zuela legez kanpoko immigrazioaren aurka lankidetzan jarduteko asmorik.

...

Uste dut Marokok azpijokoa egin diola Espainiari gutuna argitaratuz, eta irteera zaila duen kalezulo batean sartu duela. Gai honek Espainiako Gobernuan dagoen koalizio ahula apurtu dezake.

Nazioartean, zer jarrera dute Amerikako Estatu Batuek?

Joan den astean AEBetako Senatuak bere jarrera berretsi zuen. Marokori ez diote dolar bakar bat ere emango ez badio Mendebaldeko Saharako gatazkari irtenbide legezko eta baketsu bat ematen, NBEren erabakiekin bat datorrena. Dolar bat bera ere ez. Egia da AEBek ez dutela baliogabetu Donald Trumpek azken orduan Israeli gustua emateko hartu zuen erabakia —Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zion Marokori—, baina berretsi ere ez dute egin.

Gaur egungo testuingurua ere ez da edonolakoa.

Ukrainan gertatzen ari dena aztertuta, ikusten ari gara herri guztiek izan beharko luketela bakerako, elkartasunerako, garapenerako eta autodeterminaziorako eskubidea. Guztiek izan beharko lukete euren aberastasun naturalekiko subiranotasun efektiboa. Hala, aurrerapausoak eman ahalko lituzkete arlo ekonomikoan, sozialean eta kulturalean. Okupazio kolonialaren menpe bizi diren herriek euren autodeterminaziorako eskubidea izateko dituzten oztopoak deuseztatu behar dira.

Mendebaldeko Saharan ere bai.

Azken finean, hori da Saharako herriaren nahia. Kontraesan hori da orain salatzen ari garena: Sanchez ausartuko litzateke publikoki esatera ukrainarrek Errusiaren menpeko autonomia bat errespetatu beharko luketela? Zergatik han balio duenak ez du balio Mendebaldeko Sahararako?

Autonomiaren proposamena 2007an egin zuen Rabatek, baina kontu berria da askorentzat. Zer da?

Premisa faltsu batetik abiatutako kontu bat. Lehenik eta behin, ez delako legezkoa: zuk, autonomia bat eman ahal izateko, lurralde baten gaineko subiranotasuna izan behar duzu. Hori da Marokori falta zaiona; potentzia okupatzaile bat da, legez kanpo du okupatua lurralde hori. Mendebaldeko Sahara ez da Marokoren parte. Lurralde ez-autonomo bat da, oraindik deskolonizatzeko dago, eta NBEren laugarren komisioan izena emanda dago 1963. urtetik. Autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzen digu nazioarteko erakundeak.

Zer eragin du, orduan, Sanchezen gutunak?

Espainiak aldebakarreko edozein adierazpen egin dezake, baina hura da lurraldearen administratzailea, eta berriz diot: ezin die uko egin bere ardurei. Mendebaldeko Saharako okupazioa babesteak esan nahi du Espainia estaltzen ari dela nazioarteko hainbat erakundek salatutako giza eskubideen urraketak, baita lurraldeko aberastasunen legez kanpoko espoliazioa ere.

Maroko bizilagun deserosoa eta aseezina da mugakide dituen herrialde guztientzat. Saharako herriak 47 urte daramatza berea denagatik borrokan, eta azken gertakariek ez dute hori aldatuko. Espainia argitasun gutxi erakusten ari da guk, XXI. mendean, amore emango dugula uste badu. Arduragabekeria izugarria da.

Berehalako ondorioak izango ditu erabakiak Espainiarentzat? Aljeria «oso harrituta» agertu da Moncloaren «bat-bateko» jarrera aldaketarekin.

Batetik, Aljeria Espainiaren kide estrategikoa da, eta hala ere ez zioten eman erabakiaren berri. Bestetik, Aljeriak atzo erretiratu zuen Madrilen zuen enbaxadorea. Hainbat hedabidek, Espainiako Gobernuaren gertuko iturriak aipatuz, esan dute Aljeria abisatuta zegoela, baina Aljeriako Gobernuak gaur bertan esan du hori gezurra dela. Trakets ibili da Madril.

Hedabide horietako batzuek aipatu dute gasaren inguruko interesek bultzatu dutela erabakia.

Gasaren kontuak, beste behin, erakusten du erabakia bi aldiz pentsatu gabe hartu dutela, pentsatuz Marokori bidalitako gutuna ez zela argitara aterako.

Datozen egunetan zerbait egiteko asmoa duzue?

Euskal Herrian hainbat kontzentraziotara deitzeko asmoa dugu, Espainiako Gobernuak Hegoaldeko hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean. Haietan parte hartzeko deia egiten diegu elkartasuna adierazi ohi diguten elkarteei eta herritarrei, baina baita indar politiko eta sindikalei ere.

Ikusi gehiago: Sahara, Gonzalez eta Sanchez artean

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gazte batek hainbat lagun hil ditu Texasko ikastetxe batean

18 urteko gazte batek gutxienez hemeretzi haur eta bi heldu hil ditu Texasko ikastetxe batean

Paulo Ostolaza

Uvalde hirian izan dira hilketak, AEBetako hegoaldean. Hiltzaileak bere amonari egin dio tiro eskolan sartu aurretik, eta Poliziak han bertan hil du. Bidenek gogor hitz egin du armen lobbyaren aurka: «Zergatik da gurea halako sarraskiak gertatzen diren herrialde bakarra?».

Preso egon ziren politikarietako batzuk, artxiboko irudi batean. ©SUSANNA SAEZ / EFE

Gorenak iritzia aldatu du, eta Kataluniako presoen indultuak aztertuko ditu

Ander Perez Zala

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak immunitate parlamentarioa itzuli die Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri, behin-behinean

Anthony Albanese (Australia), Joe Biden (AEB), Fumio Kishida (Japonia) eta Narendra Modi (India), atzo, Tokion egindako bileraren ondoren ©ZHANG XIAOYU / EFE

Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

Igor Susaeta

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak egozten diote Pekini Indopazifikoan 'statu quo'-a aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...