Polizia indarkeria

Poliziaburu bat kargutik kendu dute, «nahiko lukete emakume batzuek polizia batek bortxatzea» esateagatik

Bilbon jaiotako Estibaliz Palma Espainiako Poliziako komisarioak adierazpenok egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorren ondorengo istiluetan arituriko polizia baten omenaldian.

Palma Varona, artxiboko irudi batean. SALVADOR SAS
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 22a
18:42
Entzun

Estibaliz Palma Varona du izena. Espainiako Poliziako Pontevedrako (Galizia) burua da, eta martxoaren 11n hitz egin zuen kide bati eginiko omenaldian. Zera adierazi zuen Kataluniako buruzagi independentisten aurkako ebazpena plazaratu ostean gertaturiko istiluetan larri zauritu zuten polizia omentzeko Vigoko (Galizia) jatetxe batean bilduriko agenteen aurrean: «48 ordu izan ziren; bazirudien Espainiako Polizia eraldatu egin zela, eta, bat-batean, bortxatzen zuen, tratu txarrak ematen zituen, eta beste ez dakit zer egiten zuen... Nahiko lukete emakume batzuek istiluen aurkako polizia batek bortxatzea».

Barrez eta algaraz hartu zuten bildutakoek adierazpena, Eldiario.es kazetak jakinarazi duenez. Ekitaldian Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak propio grabaturiko bideo bat eman zuten, Palmak hitzaldia egin aurretik.

Grabazioa plazaratu ostean, kargutik kendu dute poliziaburua, eta zigortzeko prozesua zabaldu diote.

Bilbon jaiotakoa

Palma Varona Bilbon jaio zen, baina Espainian aritu da beti polizia gisa. 2019. urtean izendatu zuten Pontevedrako poliziaburu. Komisario gradua irabazi zuen 2014. urtean, eta duela gutxi Espainiako Poliziako gradu gorenerako probak gainditu zituen.

2019ko urriaren 14an Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorrak plazaratu zituztenean, Pozuelo de Alarconen (Madril) ari zen lanean. «Pozuelo plaza nazionala da, ez errepublikanoa», adierazi zuen omenaldian. 1936ko matxino faxistek beren buruari deitzen zioten nazional. «Beraz, leku bikaina hitzaldi bat emateko», jarraitu zuen Palmak. «Baina une batean... sare sozialak zituzten neure haurrek esaten zuten: 'Baina, ama, zer egiten ari da Polizia Katalunian?'».

Egun haietan manifestazio eta bestelako protesta ekintza ugari egin zituzten Katalunian, prozesu subiranistaren buruzagiak bederatzi eta hamahiru urte artera zigortu ostean. Tsunami Demokratikoak deituta, milaka lagun atera ziren kalera, eta garraiobide nagusiak eten zituzten, eta Bartzelonako aireportua blokeatu zuten. Espainiako Poliziak gogor jo zuen manifestarien kontra, eta, besteak beste, gomazko pilotak erabili zituzten, Katalunian debekaturik dauden arren. Dozenaka herritar zauritu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.