Energia

Alemaniak erregaiaren gaineko zerga jaitsiko du

Berlingo gobernuak 300 euro emango dizkie zergapeko guztiei erregai garestiaren konpentsazio gisa.

Gasolindegi bat Berlinen, martxoaren hasieran. FILIP SINGER / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 24a
12:39
Entzun

Gauera arte iraun duten negoziazioen ondoren, Alemaniako Gobernua osatzen duten hiru alderdiak (SPD, Berdeak eta FDP liberala) ados jarri dira erregaien gaineko zerga jaisteko. Hurrengo hiru hilabeteetan bederen, litroko 30 zentimo jaitsiko da gasolinaren gaineko zerga, eta hamalau zentimo, berriz, gasolioarena.

Azken buletinaren arabera, Alemaniak gasolinarik garestienetan bigarrena du Europako Batasunean (2,144 euro litroko), Herbehereetakoen atzetik (2,228 euro); gasolioari dagokionez, garestienetan hirugarrena du (2,173 euro), Suediaren (2,444) eta Finlandiaren atzetik (2,215).

Alemanian %19ko BEZa ordaintzen dute erregaiek, EBko tasarik txikienetako bat, baina erregaien gaineko zergak batezbestekotik gora daude: gasolina mila litroko 654,5 euro ordaintzen dute kontsumitzaileek, eta gasolioa, berriz, mila litroko 470,4 euro. Hau da, 65 zentimo gasolina litroko eta 47 zentimo gasolio litroko. Horiek dira, hain zuzen ere, orain aldi baterako jaitsiko diren zergak, litroko 35 zentimo eta 33 zentimo izateko hurrengo hiru hilabeteetan.

Horrez gain, Berlinek erabaki du zergapeko guztiei 300 euroko bonu bat ordaintzea erregai garestia konpentsatzeko.

Ipar Euskal Herrian, apirilaren 1etik aurrera

Frantziako Gobernuak beste bide bat hartu du auto eta kamioi gidariei erregaiaren kostua txikitzeko. Iragan astean Jean Castex lehen ministroak iragarri zuenez, apirilaren 1etik aurrera ezantza eta gasolio litroko preziotik hamabost zentimo bere gain hartuko ditu gobernuak. Ordaintzean egingo da deskontua, gasolindegiko kutxan edota erregai hornigailuan, eta, beraz, erosleak ez du ikusiko hasieran. Bezeroei deskontatutako dirua banatzaileei gero emango die estatuak.

BERRIAk bildutako datuen arabera, Ipar Euskal Herrian batez beste 2,028 euro balio zuen atzo gasolio litro batek, eta 1,931 euro, berriz, E5-95 ezantzak.

Frantziako Gobernuak %20ko BEZa ezartzen dio erregaiari. Hortaz gain, ezantza litroak 0,691 euroko erregai zerga ordaintzen du, eta gasolioak, 0,609koa.

Hego Euskal Herrian, zerga txikiagoak

Espainian eta Hego Euskal Herrian, berriz, %21eko BEZa ordaintzen dute erregaiek, baina zerga bereziak EBko txikienetakoak dira. Horrela, gasolina litroak 47 zentimoko zerga du (472,69 euro mila litroko), eta gasolioak, berriz, 38 zentimokoa (379 euro mila litroko). Espainiako Gobernuak argudiatu du zerga horiek asko jaisteko aukerarik ez duela, Europako Batasunak finkatutako gutxieneko mugetatik oso gertu daudelako.

Garraiolariek, baina, abantaila batzuk badituzte kontsumitzaile pribatuekin alderatuz gero: BEZa itzultzen diete, eta 2006az geroztik gasolio profesionala izenekoa daukate. Horren bidez, gasolindegietan kobratzen dieten litroko 4,9 zentimo itzultzen dizkiete ogasunek.

Espainiako Gobernuko ordezkariak eta garraiolarien patronaletakoak bilduta daude goizaz geroztik kamioilarien protesta eteteko neurriak adosteko. Bilera horretan, ordea, ez daude azken asteetako grebaren antolatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.