Albistea entzun

Euskara

AEK euskarazko ikastaro laburrak ematen hasiko zaie langileei doan

‘Hitzekin. Denok euskara doan’ egitasmoa aurkeztu du Bilbon, ELA eta LAB sindikatuekin batera; doakotasunean aurrera egitea du helburu, eta, hala, administrazioei eskatuko die ikastarook finantzatzeko.

AEK-ko kideak eta ikastaroa jasoko duten langileak, gaur, egitasmoaren aurkezpenean.
AEK-ko kideak eta ikastaroa jasoko duten langileak, gaur, egitasmoaren aurkezpenean. Monika del Valle / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2022ko martxoak 24

Euskara ikasteko doakotasunerantz pauso bat emango du AEK-k: ikastaro laburrak eskainiko dizkie hala eskatzen duten langile taldeei, musu truk; euskaltegiek emango dute lehen urratsa, baina haien asmoa da administrazioei eskatzea ikastarook finantzatzeko. Datorren astean abiatuko den Korrikaren leloarekin lotuta, Hitzekin. Denok euskara doan dinamika aurkeztu dute gaur, Bilbon, «doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra» agerian uzteko.

«Euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea dela azpimarratzen ari gara 22. Korrikan; aldekotasunetik konpromisora jotzekoa, eta konpromisotik eragitera», ekarri du gogora Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak. Funtsean, euskara ikasi nahi duten herritarrek doan egiteko aukera izatea defendatu du, eta erakunde publikoei «urrats sendoagoak» eskatu dizkie: «Uste dugu unea dela euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Osa dezagun, elkarlanean, guztiok doan ikasteko bide orria».

Hitzekin. Denok euskara doan egitasmoaren lehen pausoak dira, baina etorriko dira gehiago. Apirilaren 4an, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) agerraldi bat egingo dute beste euskaltegi batzuekin, adierazpen bat aurkezteko. Era berean, doako ikastaro laburren dinamika etorkinei ere helarazi nahi diete, baina aurrerago emango dute horren berri. Hortaz, lan munduan hasiko dira, Iribarrenek azaldu duenez: «Eremu sozioekonomikoak pertsonen egunerokoa ardazten du, kontsumitzaile, langile zein herritar gisa. Euskalduntze prozesuan jauzia egiteko unea da».

Arlo horretan, elkarlan bide bat landu du AEK-k ELA eta LAB sindikatuekin, eta datorren ikasturtean doako ikastaro laburrak eskainiko dizkie prest dauden langile taldeei, oinarrizko maila eskura dezaten. «Gehiagorengana iritsi nahi dugu». AEK-k hartuko du ekimena, eta ondoren erakundeetara joko du, ikastaroen inbertsioa beren gain har dezaten. «Finean, asmo nagusia da Euskal Herriko administrazioek bide orri bat osatzea, langile guztiek euskara doan ikas dezaten».

Lehen ariketa Bilbon egingo dute, Iberdrola eta Garbilan enpresetako beharginekin. «Langileon ekimena ardatz izango da, baina argi dugu euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duela», adierazi du Gorka Lopez del Corral Iberdrolako langileak. Administrazioei «erabaki ausartagoak» galdegin dizkie: «Neurri eraginkorragoak behar dira, eta inbertsio ekonomikoak». Susana Gabantxo Garbilaneko ordezkariak erantsi du hizkuntza eskubideak «lan baldintza hobeen aldeko borrokan» txertatu behar direla: «Premiazkoa da euskara ikasteko modua ematea pertsona guztiei, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzua doakoa izatea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UPNk PPri leporatu dio Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea

Irati Urdalleta Lete

Javier Esparzak «estrategia aldaketa bat» ikusten du PPn. UPNk uda amaitutakoan hartuko ditu Navarra Sumaren inguruko erabakiak
Donostiako Udalak eraso matxisten kontra igandean egindako elkarretaratzea. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Beste bi eraso matxista izan dira asteburuan, Gasteizen eta Irunen

Gotzon Hermosilla

Bi gizonezko atxilotu dituzte. Donostian labankadaz zauritutako emakumea larri dago oraindik
Eneritzen izandako istripua; larri zauritu da 21 urteko gazte bat. ©Nafarroako suhiltzaileak.

Gidari bat hil da Tebas-Muru Artederretan, autoa bidetik irten ondoren

Berria

N-121 errepidean gertatu da ezbeharra. Eneritzen izandako beste istripu batean, larri zauritu da 21 urteko gazte bat.

EHUko Zuzenbide fakultatea, Donostian ©Jon Urbe/ Foku

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da

Edurne Begiristain

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen zerrendan segituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. EHUk zazpi espezialitate ditu munduko lehen 200 unibertsitateen artean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.