Tigray

TPLF prest agertu da Etiopiako Gobernuak proposaturiko su etena errespetatzeko

Tigrayko alderdi miliziak esan du «borrokak etengo» dituela laguntza humanitarioa ahalbidetzeko, betiere Addis Abebak «beharrezko» hornidurak helarazten baditu. NBEren arabera, eskualde horretako 2,4 milioi herritar «erabateko janari falta» ari dira sufritzen.

Gerraren ondorioz 400.000 lagun desplazatu dira. Irudian, horietako batzuk, iragan abuztuan. STR / EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 25a
12:33
Entzun

Iragan urteko saiakeren ostean, Etiopiako Gobernua eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea berriz saiatuko dira su eten iraunkor eta baliagarri bat ezartzen. Joan den ekainean gertatu bezala, aste honetan ere Addis Abebak iragarri du alde bakarreko menia bat, baina oraingoan badirudi TPLF hori errespetatzeko prest dagoela, duela bederatzi hilabete gertatu ez bezala. Hori bai, Tigrayko alderdi miliziak baldintza bat jarri du: «beharrezko» laguntza humanitarioa helaraz dadila eskualde horretara.

Etiopiako Gobernuak herenegun jakinarazi zuen «su eten humanitario mugagabe bat» deklaratu duela 2020ko azaroan abiatu zen gerrarako, «premiazko laguntza humanitarioaren fluxu askea bermatze» aldera. Addis Abebak meniarekin bat egiteko eskatu zion TPLFri, eta, printzipioz, Tigrayko alderdi miliziak ez luke horretarako zailtasunik izango.

Gatazka hasi zenetik, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute «oso zaila» dela laguntza Tigrayra eramatea, ia bide guztiak itxita daudelako eta komunikatzeko moduak behin eta berriz eten dituztelako. Egoeraren erakusle da OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragan otsailean jaso zuela laguntza bidaltzeko baimena, iazko uztailetik lehen aldiz. Egun, modu bakarra dago eremu horretan lehorrez sartzeko, mugakide duen Afar eskualdetik, baina hori egitea nabarmen zaildu da asteotan, borrokak ugaritu egin baitira.

«Tigrayko Gobernuak konpromisoa hartzen du borrokak berehala eteteko, arrazoizko epe batean egungo egoerak eskatzen duen laguntza humanitarioa jasotzeko inguruabarrak sortzen badira», adierazi du TPLFk atzoko ordu txikietan bidalitako komunikatuan.

Hala, alderdi miliziak bere «esku dagoen guztia» egingo du su etena «arrakastatsua» izateko: «Dei egiten diegu Etiopiako agintariei promesa hutsez harago joateko eta neurri zehatzak hartzeko Tigrayra mugarik gabeko laguntza iritsi dadin».

Ikusi gehiago:Abiyren apustua

Egoera humanitarioa ikusirik, nazioarteko erakundeak eta herrialdeak hilabete luzez aritu dira gerrako aldeak konbentzitu nahian menia bat ezartzeko. Horietako bat izan da AB Afrikako Batasuna, zeinak «pozez» hartu duen Etiopiako Gobernuaren erabakia eta TPLFren konpromisoa.

«ABko Batzordearen presidente Moussa Faki Mahamatek ongietorria ematen dio su eten humanitario mugagabearen deklarazioari. [...] Tigrayko eskualdeko pertsonentzako laguntza humanitarioaren hornidura azkartzeko ahalegin bat da», esan du erakundeak, ohar baten bidez.

Europako Batasunak ere begi onez ikusi ditu egunotan emandako aurrerapausoak, baita AEB Ameriketako Estatu Batuek ere; hango Estatu idazkari Antony Blinkenen arabera, bi aldeek iragarpen horiek oinarri hartuta «egin behar dute aurrera su eten jasangarri eta negoziatu bat» ezartzeko.

AEBak menia bat adosteko lanetan aritu dira, eta Etiopiako Gobernuaren haserrea ere eragin zuten, merkataritzarako zituzten pribilegioak bertan behera utzi zizkiotenean; hori bai, Washingtonek ez zuen zigor ekonomikorik agindu, eta badirudi oraingoz ez duela horretarako asmorik.

Botere borrokaren ondorio

2020ko azaro hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLFren kontra. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministroak salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek arriskuan» jartzen zituztela konstituzioa eta ordena konstituzionala, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdia, eta operazioa abiatu.

Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo; horren ordez, behin-behineko agintari talde bat jarri zuen boterean.

Talde etniko nagusiak tentsio handiko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu federalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu federalaren arteko tentsioa nabarmena izan da, eta iragan azaroan oposizioko bederatzi alderdik Abiyren kontrako aliantza politiko bat osatzeak are gehiago zaildu du egoera.

Horrekin batera, gerrak herritar askoren egunerokoa zaildu du, eta zenbait krisi eragin. NBEren arabera, Tigrayko 5,2 milioi herritarrek laguntza humanitarioa behar dute, eta horietako 2,4 milioi «erabateko janari falta» ari dira sufritzen —eskualdean sei milioi lagun inguru bizi dira—.

Mugakide dituen Afar eta Amharako egoera kontuan harturik, bederatzi milioi herritarrek baino gehiagok behar dute laguntza humanitarioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.