Jaialdiak

Hatortxu Rock jaialdiak 31 talde batuko ditu uztailaren 29an eta 30ean

Koronabirusaren ondorioz, azken bi urteetan ezinezko izan zaie ohiko jaialdi formatua egitea, eta horri aurre egiteko antolatu dute bi eguneko jaialdia Atarrabian (Nafarroa).

Hatortxu Rock jaialdiak 2017an Lakuntzan egin zuen bi eguneko festibaleko irudiak. IñIGO URZ/FOKU
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 28a
12:32
Entzun

Iragarria zuten aurtengoa berezia izango zela, eta aurreratuak zituzten talde batzuen izenak ere, baina kartel osoa falta zen oraindik. Gaur jakinarazi dute Hatortxu Rock jaialdiak zer 31 talde batuko dituen uztailaren 29an eta 30ean Atarrabian (Nafarroa). Ostiralean arituko dira Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, DJ Plan B, Anari, Zelanda, Gilipojazz, Sua, Badalonians Sound ft Harny Roots, Pleura, ETS eta The Baboon Show; eta larunbatean igoko dira oholtzara The Lio, Delirium Tremens, Zetak, Antton Telleria, Ibil Bedi, Hammond York, La Mare, Lukiek, Selektah Stepi, CRIM, Non Servium, Stay Homas, Herdoil, Rotten XIII,Green Valley eta Dj Bull/ Elepunto. Zerua (hel)muga izango da aurtengo saioaren izena.

Bi eguneko bonua 55 euroan salduko dute, eta 30 eurokoa izango da egun bakarreko sarrera, hala ostiralean nola larunbatean. www.hatortxurock.eus orrian erosi daitezke jadanik.

Bi urteko salbuespenaren ostean

Koronabirusak nabarmen eragin dio azken bi urteetan jaialdiari, eta neurri batean osasun krisiak eragindako kalteari erantzuteko modu bat da bi eguneko udako festibala. Antolatzaileek azken unean utzi behar izan zuten bertan behera iazko jaialdia, esaterako, eta formatu digitalean egin behar izan zuten duela bi urtekoa. Horrek eragin dien «zulo ekonomikoa» aipatu izan dute antolatzaileek, eta, zulo horren ondorioz, urriagoa izan dela euskal presoen sakabanaketa gastuak arintzera bideratu ahal izan duten dirua ere. Horregatik esan zuten aurtengoa berezia izango zela. Handiagoa, eta udan.

1999an sortu zen jaialdia, eta bi helburu izan ditu hasieratik: euskal presoen sakabanaketa salatzea eta horrek familientzat dakartzan gastuak arintzeko dirua biltzea. Antolatzaileek onartu dutenez, azkenaldian «asko» murriztu da sakabanaketaren mapa, eta «asko» dira jadanik Euskal Herriko kartzeletan dauden presoak ere. «Garaipen bat» da hori, haien hitzetan, baina lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute. Eta, diotenez, horregatik hautatu dute leloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.