Arrazakeria

Autobus gidari bat ikertzen ari dira Gasteizen, bi erabiltzaileri eginiko irain arrazistengatik

Arabako Sos Arrazakeriak gertaera gaitzetsi du, eta Arabako Gorroto Delituen Fiskaltzari eskatu dio beharrezko ikerketa eginbideak irekitzeko.

Tuvisa enpresako autobus bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA
Nagore Arin.
2022ko martxoaren 29a
10:19
Entzun

Tuvisa Gasteizko autobus konpainia publikoak informazio espediente bat ireki dio gidari bati, bi erabiltzaileren aurka eginiko irain arrazistengatik. Sare sozialetan argitaratutako bideo bati esker zabaldu da gertaera. Bideo horretan, argi eta garbi entzun daiteke autobus gidarik nola esaten dien Gasteizko bi emakume beltzi euren jaioterrira itzultzeko. Gasteizko Udalaren esanetan, enpresa gertaera ikertzen ari da dagoeneko, eta aurreratu dute beharrezko neurriak hartzeko prest daudela.

Hain justu ere, horixe galdegin dute Arabako Sos Arrazakeria plataformako kideek: gertaera ikertzeko eta neurriak hartzeko. Ohar bat plazaratu dute gertaera salatzeko, eta adierazi dute «lekuz kanpo dagoen eztabaida bat» dela bideoan ikusten eta entzuten dena, non autobus gidariak «adierazpen degradatzaile, diskriminatzaile, arrazista eta xenofoboak» egiten dizkien Gasteizko bi erabiltzaileri.

Aurrekariak badira

Halaber, gogoratu dute ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. Oroitarazi dute duela zenbait urte ere eraso arrazista bat izan zela Gasteizen; autobus batean hura ere. Kasu hartan, autobus gidariak emakume musulman bat jazarri zuen: soinean zuen burkarekin autobusean ez zela sartuko esan zion, eta sartu nahi bazuen kendu egin beharko zuela. Gertaera hura ez zela behar bezala ikertu esan dute, eta ez zitzaiola behar bezalako erantzunik eman.

Horregatik, adierazi dute beldur direla «beste behin ere» berdina gertatzeko, eta, «besterik gabe» Euskal Herrian gertatu diren «ustezko gertaera arrazisten urteko memorian» gelditzeko. Hori saihesteko asmoarekin zuzendu zaizkie zuzenean Arabako Gorroto Delituen Fiskaltzari, eta proposatu eta eskatu diete beharrezko ikerketa eginbideak ireki ditzatela Gasteizko bi erabiltzaileren diskriminazio eta tratu txarren gertaera argitzeko.

Gaitzespen gehiago

LAB sindikatuak ere salatu du Tuvisa Gasteizko autobus konpainiako autobus batean gertatu dena. «Publikoki adierazi nahi dugu gaitzetsi egiten dugula Tuvisa enpresa publikoaren 5-Salburua autobus lineako gidariak zerbitzu hori erabiltzen zuten bi emakume arrazializaturi atzo egindako eraso arrazista», adierazi dute.

Halaber, nabarmendu dute gertaera «bi aldiz» dela larria: «Ez bakarrik gertatzen denagatik, baita egileagatik ere. Autobuseko gidaria da eraso arrazista egiten duena: zerbitzu publiko bat emateko aginpidea edota erantzukizuna duen inork ez luke eduki edo sinetsi behar erabiltzaile bati tratu txarrak emateko edo diskriminatzeko ahalmenik duenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.