Albistea entzun

Baikara-k eskatu du 3 urteko haurrentzako ikaspostuen erdiak behintzat publikoak izatea herri guztietan

Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteak eta hainbat eskola publikotako ordezkariek salatu dute itunpeko ikastetxeen «gehiegizko eskaintza» dagoela eta horrek bide ematen diola segregazioari.

Baikarako eta Gipuzkoako hainbat eskolatako ordezkariak, gaur, Gipuzkoan
Baikarako eta Gipuzkoako hainbat eskolatako ordezkariak, gaur, Gipuzkoan berria Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko martxoak 29

Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteen federazioak eta lurraldeko hamar herritako eskolen ordezkariek Gipuzkoako ikaspostuen eskaintza salatu dute. Donostian egindako agerraldi batean Usoa Urbieta Baikara-ko koordinatzaileak eta Idurre Lizarralde Orioko Zaragueta eskolako guraso elkarteko idazkariak azaldu dutenez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain zehaztu behar du datozen sei urteetarako itunpeko ikastetxeen eskaintza. Hori horrela, eskaera argiak egin dizkiote: 3 urteko haurrentzat herri bakoitzean eskaintzen diren ikaspostuen erdiak behintzat eskola publikoetan eskaintzea eta ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea.

Izan ere, gaur egungo egoera bestelakoa dela salatu du Urbietak. Esanak berresteko, datuak eman ditu 2022-2023rako 3 urteko haurrentzat herri batzuetan egindako eskaintzaren inguruan: Andoainen, itunpekoek eskaini dituzte tokien %85; Tolosan, %79; Arrasaten, Bergaran, Legazpin, Oñatin, Orion, Urretxun, Zumarragan eta Villabonan, %68; Zarautzen, %66; eta Elgoibarren, %62. Donostian eskola publikoen eskaintza %40 ingurukoa izan dela esan dute.

Banaketa horrek «alarma guztiak» piztu dizkietela nabarmendu du Urbietak: «Jaiotze tasa nabarmen jaitsi den arren, itunpeko ikastetxeetan ia aldaketarik gabe mantendu da aurreko etapako ikaspostuen eskaintza». Eta horrek zer eragin dezakeen ohartarazi du: «Gehiegizko eskaintza egiteaz eta diru publikoaren gastua igotzeaz gain, segregazioa areagotzen du». Koordinatzailearen esanetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua jakitun dago zein den Gipuzkoako ikastetxeen egoera, eta badaki zenbatekoa den ikastetxeen arteko «desoreka eta segregazio maila», baina ez diote sumatu egoerari aurre egiteko asmorik, «eskolatzeko desoreka betikotu egiten baita hartutako neurriekin».

Baikara-ren irudiko, datozen sei urteetarako plangintzak errealitate demografikoari eta atzerriko ikasleen «beharrezko integrazioari» erantzun beharko lioke, «eskolatzeko orekatua bermatzeko». Horretarako, uste dute «ezinbestekoa» dela 3 urteko haurrentzat udalerri bakoitzean eskaintzen diren lekuen %50 gutxienez eskola publikoetan eskaintzea. Hezkuntza sailburuari ere egin diote eskaria: «Gipuzkoako eskola publikoen eskola komunitateek dagokien autonomiaz adostu duten eskariari erantzutea, eta eskatutako ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Ahalduntze tailerretan hainbat tresna lortzen dira»

Isabel Jaurena

Ahalduntze tailerrek emakumeengan eragina dutela ondorioztatu du ikerketa batek. Aldaketa nabarmenenak osasun arloan, bikote harremanetan eta norbere autoestimuan gertatzen dira.
Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean. ©EFE

Zaldibarko amiltzearen hirugarren urteurrena hizpide, 'Kinka' podcastean

Julen Otaegi Leonet

'Zaldibar: hiru urte, hainbat zauri eta itzal ugari' atala estreinatu berri du BERRIAren 'Kinka podcastak'. Atzo bete ziren hiru urte ezbeharra jazo zenetik; orain artekoak eta geratzen direnak bildu ditu bertan.

Andrea Fernandez PSOEko Berdintasun idazkaria eta Patxi Lopez bozeramailea, atzo, Kongresuan. ©DANIEL GONZALEZ / EFE

Sexu erasoen zigorrak igo nahi ditu PSOEk bortxa edo larderia dagoen kasuetan

Maite Asensio Lozano

Sozialistek beren kabuz aurkeztu dute 'soilik baietz da baietz' legea aldatzeko proposamena Kongresuan. Zigor tarteak moldatuko dituzte, abusu delitua berreskuratu gabe

Herrian Bizi plataformako kideak, atzo, Miarritzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatuko dira apirilaren 1ean Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

Herrian Bizi plataformak legean, administrazioan eta zerga sisteman eragin nahi du. 2021eko azaroan, 8.000 pertsona elkartu ziren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...