Albistea entzun

Hizkuntz eskubideak jomugan

Manifestaziora deitu du Kontseiluak, Nafarroako merezimendu dekretuaren aurka

Txibiteren gobernuak «lege diskriminatzaileen aplikazio are diskriminatzaileagoa» egiten duela salatu du Bilbaok, eta «euskaldunen gutxiespena» gelditzeko exijitu.

Kontseiluko idazkari Paul Bilbao, euskalgintako beste zenbait kiderekin batera, Iruñeko Laba aretoan eginiko agerraldian.
Kontseiluko idazkari Paul Bilbao, euskalgintako beste zenbait kiderekin batera, Iruñeko Laba aretoan eginiko agerraldian. ION ORZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko martxoak 29 13:28

Kalera aterako dira, beste behin ere. Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa antolatu du Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduen dekretuaren aurka, eta «herritarrak gutxietsi ez ditzatela» eskatzeko. «Uste genuen, bai, euskal hiztunak gutxiesten zireneko garaiak amaitu zirela, gure gutxiespena helburu zuen amesgaizto hori amaitutzat jo genezakeela. Tamalez, ez da horrela», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, Iruñeko Laba aretoan egin duen agerraldian. Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da protesta, maiatzaren 7an, 17:30ean, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean.

Oraingo dekretua bainoago, «jatorrizko gaitza» 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa dela gogorarazi du Bilbaok –«badakigu non eragin behar den bidegabekeriak errotik bukatzeko»–. Hala ere, arau horretatik eratorritako arazoak arindu beharrean, Maria Txibiteren gobernuak «lege diskriminatzaileen irakurketa are diskriminatzaileagoa» egiten duela salatu du Kontseiluko buruak: «Horrek guztiak eragin nagusi bat du: herritarron, euskal hiztunon gutxiespena».

Zehazki, Bilbaok txarretsi egin du merezimenduen dekretuaren bidez Nafarroako administrazioko hainbat lanposturako sarbidean ez dela aintzat hartuko euskara, eta bai, aldiz, «berezkoak ez diren beste hizkuntza batzuk». «Edozein logika eta edozein muga gainditzen duen erabakia da ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzia handiagoa ematea». Kontseiluaren irudiko, gisa horretako diskriminaziorik ez da gertatu, ezta UPN agintean zenean ere: «Inoiz ez da halakorik gertatu, ezta euskararen edo euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere. Nola uler daiteke bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioari muzin egitea, eta atzerriko hizkuntzak normaltasun osoz kontuan hartzea? Zein asmo dago horren atzean?», galdetu du.

Bilbaok azaldu duenez, aurreko legealdian, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatutako lauko gobernuak «urrats batzuk» egin nahi izan zituen euskara administrazioan bermatzeko bidean, «baina auzitegiek kamustu zuten asmo hori». Orain, berriz, «auzitegiek onartutakoa ere ezabatu nahi izatea» egotzi diote Txibiteren gobernuari. «Horrek erakusten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea; aitzitik, gobernuak intentzionalitate osoa du euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko».

Kontseiluak gogorarazi du, halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argitaratutako azken diagnostikoaren arabera, Nafarroako Gobernuko lanpostuen %3tan baizik ez dela euskara eskakizun, eta zenbait departamentutan kopuru hori ez dela %2ra ere iristen. «Are gehiago, lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu bakar batean ere».

«Merituak ez, eskubideak»

Euskalgintzako eragileak biltzen dituen Kontseiluaren arabera, «parametroak aldatzeko» garaia da: «Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez: hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Ez da gauza abstraktu bat, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubideaz ari gara». Bilbaoren irudiko, bide bakarra dago eskubide hori bermatu eta arreta euskaraz eskaini ahal izateko: «Langile elebidunak hartzea».

Maiatzaren 7ko manifestazioan, «erdigunean» jarriko dituzte euskal hiztunen eskubideak: «Batzuk tematzen badira horrelako dekretuak eta neurriak onartzen, geuk kalea baliatuko dugu desadostasuna agertzeko, geure burua gutxietsia ikusten dugula salatzeko, eskubideen aurka jotzen ari direla ozen oihukatzeko. Eta bestetik, gure eskubideen alde aterako gara kalera, horiek kontuan hartuko dituen politika bat indarrean jar dadin eskatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostia aldeko ESIaren egoera azaltzeko.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe
Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Aranzadi zientzia elkartea desobiratze lanetan, Urduñako hilerrian ©Irekia

Urduñako espetxe frankistako hogeita hamar presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte herriko hilerrian

Berria

Aranzadi zientzia elkartea ari da gorpuzkiak lurpetik ateratzen. Gogora institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.