Memoria

36ko gerrako hobi komun handi bat aurkitu dute Begoñako hilerrian

Jaurlaritzaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «orain arte aurkitu duten handiena da». Aranzadik egin du aurkikuntza, eta bihar aurkeztuko dute.

Artolazbal eta Aburto Begoñako hilerrian, pasa den abenduan. Desobiratze bat egin zuten ordukoan. MIGUEL TOñA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 29a
16:11
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bihar aurkeztuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte aurkitu den 1936ko gerrako «hobi komunik handiena». Hala iragarri du gaur Bilboko Udalak. Han dago hobi hori, 2006an itxi zuten Begoñako hilerrian. Ez dute xehetasun gehiagorik eman oraingoz.

Aranzadi zientzia elkarteak iaz jarri zuen martxan Begoñako Argiaproiektua, eta hari esker egin dute aurkikuntza. Asmoa da Begoñako hilerria kendu eta parke bat egitea, baina, aurretik, bertako hezurrak ateratzen, aztertzen eta sailkatzen ari da Aranzadi. BERRIAk joan den urrian eman zuen proiektu horren berri.

Izan ere, Begoñakoa ez da edozein hilerri: 1813an zabaldu zuten, hildakoak elizetatik kanpo lurperatzera behartu zutenean. Bilboko zaharrena da. Sortu zenean ez zen Bilbokoa, Begoñako Elizatekoa edo Begoñako Errepublikakoa baizik. Begoña 1925ean sartu zen Bilbon. 2006an, itxi zutenean, lurperatutakoen senideei aukera eman zieten gorpuzkiak beste hilerriren batera eramateko. Panteoietako gehienak eraman zituzten; lurpeko hilobietako gehienak bertan daude.

Biharko aurkezpenean, zenbait agintari izango dira. Aurkezpena hauek egingo dute: Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak. Eta han izango dira beste batzuk ere: besteak beste, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Asier Abaunza Bilboko Hirigintza zinegotzia, eta Aranzadiko Lourdes Herrasti eta Anartz Ormaza.

Ikerketa

Aranzadik prentsaren bidez jakin zuen Bilboko Udalak parke bat egiteko asmoa zuela. Leku paregabea iruditu zitzaion ikertzeko eta ikertzaile gazteei prestakuntza eskaintzeko, trebakuntzarako campus bat sortzeko. Baita zientziaren zabalkundean aritzeko ere. Horregatik, Bilboko Udalari proposamen bat egin zion: hilerria parke bihurtu aurretik ikertzea, bai lurrazpia, bai lurraren gaina, eta gero parke bihurtzea. Udalak, onartu, eta diruz lagundu zuen. Hori da gaur iragarri duten aurkikuntzaren jatorria.

Hilerriaren ikerketa osoa egiten ari dira: hezurrena; 1936ko gerran hil eta hobiratutakoen hezurrena; panteoi eta hilobiena, bai balio artistikoarena, bai materialena; eta lurrarena. Arkeologoak, antropologoak, historialariak, artearen historialariak, geologoak, medikuak eta biologoak ari dira lanean. Proiektu berezia da, ikuspegi osoa duelako eta, beste hilerri batzuetan ez bezala, metodo zientifikoari jarraituta desagerraraziko dutelako. Autopsia egiten ari zaizkio Begoñako hilerriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.