Musika

Simple Minds, Curtis Harding eta Vintage Trouble izango dira Donostiako Jazzaldian

Zurriolako hondartzako agertokia berreskuratuko du jazz festibalak, eta doako zortzi kontzertu izango dira

Simple Minds taldea, 201ko kontzertu batean. PAUL BERGEN / EFE
mikel lizarralde
2022ko martxoaren 30a
15:01
Entzun

Donostiako Jazzaldiaren agertokirik handiena eta jendetsuena izan ohi da Zurriolako hondartzan jartzen dutena, baina, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, azkeneko bi urteetan antolatzaileek ez dute han eszenatokirik jarri, nahiz eta jaialdia bera egin den.

Aurten, ordea, Donostiako Jazzaldiak hondartzako egitaraua berreskuratuko du, eta agertokiak Keler gunea izena izango du, garagardo marka bilakatu baita jaialdiaren babesle nagusia.

Donostiako 57. Jazzaldia uztailaren 21etik 25era egingo da, eta, ohi bezala, lehenengo egunetik izango dira kontzertuak Zurriolan. Hain zuzen ere, lehenengo egunean joko du Simple Minds talde beteranoak. Jim Kerr eskoziarra buru duen taldeak 1979an kaleratu zuen lehenengo diskoa, Life in a Day, eta 2019an, lan hark 40 urte bete zituela eta, bilduma disko bat argitaratu zuen (40: The Best of 1979-2019), eta mundu mailako bira bati ekin. Pandemiak, ordea, geldiarazi egin zuen bira. Orain, baina, berriro heldu diote hasierako asmoari, eta bira luze baten barruan iritsiko dira Donostiara. Post-punkari eta art-popari lotuta jaio zen Simple Minds, Glasgown, 1970eko hamarkadako azken urteetan, eta 80ko hamarkadanarrakasta handia lortu zuen, Promise You a Miracle, Don't You (Forget About Me) eta beste hainbat hit-i esker.

Lehenengo egun horretan bertan, Curtis Harding ariko da Zurriolako hondartzan, soularen eta R&Baren esparruetan azkeneko urteetan gehien nabarmendu diren kantarietako bat. Soul Power-ekin estreinatu zen, 2014an, baina batik bat Face Your Face arrakastatsuak kokatu zuen musika beltzaren aldarean Harding. Haren azkeneko diskoa If Words Were Flowers (2021) da.

Musika beltza izango da bigarren eguneko protagonista. Alde batetik, Monophonics soula, funka eta rock psikodelikoa lantzen duen San Franciscoko taldeak It's Only Us (2020) azken diskoa aurkeztuko du, eta, bestetik, Christone Kingfish Ingram blues gitarrista gazteak joko du.

Bestelakoa da This is The Kit izeneko proiektuaren proposamena, Kate Stablesek —proiektuaren atzean dagoen musikaria— indie-folkera jotzen baitu beste ezeren gainetik. Hainbat disko ditu argitaratuak, baina batez ere azken biek —Moonshine (2017) eta Off Off On (2020)— egin dute ezagun musikariz josita dagoen eremu musikal batean. This is The Kiten soinu eta doinu intimisten ondoren, Vintage Trouble laukote estatubatuarrak dantzarako gonbidapena egingo du, bere musikan 60ko hamarkadako soula, rock-and-rolla eta R&Ba nahasten baitira. Donostiako 49. Jazzaldian ere izan zen taldea, eta arrakasta handia izan zuen.

Hondartzako azken bi kontzertuak Pillow Queensek eta Leon Benaventek emango dituzte. Pillow Queens Dublindik datorren laukoteak punka, rocka eta popa nahasten ditu, epikari uko egin gabe, eta kezka sozial eta politikoak jartzen ditu lehen lerroan hitzen bitartez. Leon Benavente, bestalde, azkeneko hamar urteetan Espainian sortu eta gehien egonkortu diren taldeetako bat da. Haren musikan bat egiten dute rockak, elektronikak eta popak, eta ez du falta epika ukitu bat ere.

Honako hauek dira Keler gunean izango diren kontzertuak eta ordutegiak.

Uztailak 21

20:45: Simple Minds
23:30: Curtis Harding

Uztailak 22

21:00: Monophonics
23:30: Christone Kingfish Ingram

Uztailak 23

21:00: This is The Kit
23:30: Vintage Trouble

Uztailak 24

21:00: Pillow Queens
23:30: Leon Benavente

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.