Albistea entzun

Euskal selekzioa

Euskadiko Futbol Federazioak ez du helegiterik jarriko Kirola Arbitratzeko Epaitegian

Ofizial izateari UEFAk eta FIFAk emandako ezezkoen aurka helegitea jartzeko aukera pasatzen utzi du, eta, horrenbestez, bukatu da euskal selekzioa ofizial bilakatzeko saialdi hau.

FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko martxoak 30

Euskal selekzioaren ofizialtasunari ez diote soilik UEFAk eta FIFAk ezezkoa eman. Etxean bertan ere itxi zaio atea, edo atearen zirrikitua. Izan ere, Euskadiko Futbol Federazioak erabaki du bide hori bukatzea. Legeak beste pauso bat emateko aukera ematen badu ere, Javier Landeta buru duen zuzendaritzak aurrera ez jarraitzea erabaki du. Kirola Arbitratzeko Epaitegira joateko aukera zegoen, UEFAren eta FIFAren azkeneko ezezkoei helegitea jartzeko, baina epea pasatzen utzi du. Hori dela eta, adierazpenik ez egitea erabaki du federazioak. Soilik jakinarazpen hau egin du, Komunikazio sailaren bitartez: «Lanean jarraitzen dugu ofizialtasunaren gaian, eta esan dezakeguna da KAEren bidea ez dagoela itxita». Federazioak gai horretarako hartu duen abokatuak berak onartu dio David Salinas-Armendariz abokatuari (Eusko Jaurlaritzaren laguntzailea gai honetan) epea pasatuta dagoela.

Ofizialtasunaren saialdi hori 2018 amaieran hasi zen, federazioak batzarra egin zuenean Durangon. Luis Mari Elustondo zen presidentea, eta batzarrak onartu zuen UEFAra eta FIFAra eskaria igorriko zela selekzioa ofizial izateko. Duela bi urte izan zen hori, eta Elustondo bera joan zen Suitzara, bi erakundeetara. Ezezkoa izan zen haien erantzuna. Tartean, Elustondoren agintea amaitu egin zen, eta Landetak irabazi zituen hauteskundeak iazko otsaileko azkeneko egunean. Horren agintepean, futboleko bi erakundeen erabakiari helegitea jarri zitzaien, federazioarena bezalako eskakizunak bi erakundeetako batzarrek aztertu eta bozkatu behar dituztela eskatuz. Euskal selekzioari dagokionez, ez zen horrela izan. Iazko abuztuaren 24rako prest zituen helegiteak federazioak, baina abenduaren 28ra arte ez zituen aurkeztu. UEFAren erantzuna urtarrilaren 12an iritsi zen, eta FIFArena otsailaren 14an. 21 eguneko epea dago KAEra joateko, eta federazioak ez du ezer egin. Horrekin Durangoko batzarrean onartu zena bete gabe utzi du Landetak: legalki dauden bide guztiak urratzea ofizialtasunaren bidean.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, gainera, federazioak ezkutatu egin dizkio Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaritzari UEFAren eta FIFAren azkeneko ezezkoen agiriak . Aste honetan bertan igorri dizkio, KAEra joateko epeak aspaldi agortu ziren arren. Lehenagotik ere uko egin zien Eusko Jaurlaritzaren eskakizunei. Izan ere, gai honetan EAEko erakunde gorenari laguntza eman dion Salinas-Armendariz abokatuak idatzi zituen azkeneko helegiteak. Jaurlaritzak jakin nahi zuen abokatu horrek idatzitakoa bere horretan bidaliko zuen federazioak UEFAra eta FIFAra eta hainbat aldiz eskatu zion horren berri emateko. Ez zuen erantzunik jaso denbora tarte luze bat pasatu arte: Salinasek idatzitakoak igorri zituen federazioak azkenean futbolaren bi erakunde nagusietara. BERRIA saiatu da Jon Redondo Kirol zuzendaritzako sailburuordearekin hitz egiten, baina ezinezkoa izan da.

Jaurlaritzaren abokatu Salinas-Armendariz federazioarekin zeregin berean ibili zen ofizialtasunaren gaian. Landeta agintera iritsitakoan, ordea, beste baten hautua egin zuen federazioak. Salinas-Armendarizekin mintzatu da BERRIA, eta galderei erantzun aurretik garbi utzi nahi izan du bere hitzak bereak direla, ez Jaurlaritzarenak. Galdetu zaionean federazioaren jarreraren atzean zer dagoen, utzikeria hitza erabili du. Landetari eta haren kideei leporatu die Durangoko batzarrean onartu zena ez betetzea: «Egunen batean azaldu beharko du zergatik erabaki duen bide hau akabera arte ez eramatea». Salinas-Armendariz ez du ulertzen jarrera hori: «Badakigu ez dela erraza UEFAren eta FIFAren baiezkoa jasotzea, baina bide guztiak urratu behar dira, KAEkoa barne». Horren barruan, epaitegi horrek Jerseyko futbol federazioaren alde emandako epaia ekarri du gogora: «Arrazoia eman zion helegitea jarri zuenean UEFAko eta FIFAko batzarrak izan behar zutela selekzioaren eskaerari baiezkoa edo ezezkoa eman behar ziotenak». Joan zen Jersey batzar horietara, eta ez zuten onartu, baina Salinas-Armendarizek aparteko garrantzia ematen dio hor egoteari: «Gure selekzioaren historia zabala da, ez gara edozein, eta lorpen oso handia da gure federazioko presidenteak munduko futboleko agintari guztien aurrean mintzatzeko aukera izatea». Bidea ekinez urratzen dela gaineratu du: «Groenlandiako eta Gibraltarreko federazioek etengabe eskatu zuten, eta, azkenean, onartu egin zituzten UEFAko eta FIFAko kide bezala. Garbi dagoena da bidean geratuz gero ez dela ezer lortzen».

Hasierako lekuan dago orain Euskadiko Federazioa, Durangon hasi zuen bidea amaitu gabe. UEFAko eta FIFAko kide izateko aldarriak eta eskariak berriz egin beharko lirateke, hasieratik, hala nahi izanez gero. Federazioaren batzarra da EAEko futbola, eta garbi adierazi zuen Durangon zer nahi duen. Bidea osorik urratzea falta da, eta hori hemendik egin behar da.

Federazioak Espainia aldetik presioak jaso izana jotzen dute batzuek Landetaren erabakiaren eragile. Salinas-Armendarizek horri heldu dio: «Badakigu beti dagoela mamu hori, eta galdetu Elustondori zer pasarazi zizkion Rubialesek (Espainiako federazioko presidenteak) dimititzeko eskatu zionean Espainiako federazioaren batzar baten aurrean». Presio ekonomikoa egon ote litekeen ere zabaldu da, baina Euskadiko Federazioari ez dio diru askorik ematen Espainiakoak, lurraldeko federazioei baizik. BERRIAk jakin duenez, gainera, ohikoa baino kopuru handiagoa jaso du hemengo futbolak, beste kontu batzuk tarteko.

Euskadiko Federazioak gai honetan izan duen jarreraren harira, EH Bilduk eskatu du legebiltzarrean azal dadin federazioa, «KAEn zer egin duten edo ez duten egin azaltzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Paris 365 futbol taldeko kideak, sanduzelai peñaren aurkako partida hasi baino lehen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Futbolaren poeta paristarrak

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Iruñeko Paris 365 jantoki sozialaren zenbait erabiltzailek futbol talde bat osatu dute, zelaian eta handik at eragiteko asmoz. Karrika izan dute anitzek etxe, baloia jotzeko oinetakoak jantzi dituzten arte. Kirolak helduleku bat eskaini die aurrera egiteko bidean.

Kilian Mbappe, gaur sartu duen bi goletako bat ospatzen. ©Georgi Licovski / EFE

Frantzia eta Ingalaterra, final-laurdenetara

Paulo Ostolaza

Mbapperen bi golekin, Frantzia nagusitasunez gailendu zaio Poloniari (3-1). Ingalaterrak ere aise hartu du mendean Senegal (3-0).

Atzo Makean euskal selekzioaren aldeko eguneko mintzaldia. ©GUILLAUME FAUVEAU

Zazpiak bat selekzioan

Oihana Teyseyre Koskarat

Euskal selekzioaren aldeko eguna egin dute Makean. Euskal pilotan eta gainerako kiroletan ofizialtasuna lortzeko aldarria egin dute

 ©BERRIA

«Emakumeak islamaz baliatzen dira justizia eskuratzeko»

Arantxa Elizegi Egilegor

Granadako Unibertsitateko irakaslearen arabera, Mendebaldeak bere interesak «zuritzeko» baliatzen du «ahotsik gabeko emakume arabiarraren irudia».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...