Bilboko zigor arloko auzitegiak absolbitu egin du 2020ko martxoan Bilboko San Frantzisko kalean bere semea babesteagatik Ertzaintzak kolpatu eta atxilotu zuen emakumea. Halaber, ertzain bat zigortu du emakumea eta haren semearen aurkako bi lesio delitu arinengatik.
Emakumea eta haren semea San Frantzisko kalean atxilotu zituzten, konfinamendu betean. Azkar zabaldu zen bideoa sare sozialetan. Kalean zebilen gazte bati kontu eske joan zitzaizkion Ertzaintzako hainbat kide, eta hura babestera jo zuen haren amak, bere semea zela esanez eta buruko gaitz bat zuela abisu emanez. Polizietako bat haren aurka oldartu zen, ordea, eta borrarekin jo zuen. Ertzainek lesio arinak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi zizkioten emakumeari; jazoera haiengatik epaitu egin zuten gero, Bilbon.
Gaur kaleratu duten epaiak dio «ezin zaiela agenteei sinesgarritasun osoa eman beren izaera hutsagatik», eta «neurriz kanpokoa» izan zela atxiloketan borra erabiltzea. Epaileak 240 euroko isuna ezarri dio agenteari. Gainera, 105 euroko kalte ordaina eman beharko dio gazteari, eragindako zauriengatik, eta 156,60 eurokoa amari.
Bizkaiko SOS Arrazakeriak ohar bidez adierazi du «presio sozialari» esker lortu dela epaia. Poliziaren indarkeria arrazistaren aurka borrokan jarraituko duela esan du elkarteak, eta eskatu du amaitzeko Poliziak pertsona migrante eta arrazializatuen aurka erabiltzen duen indarkeria.