Kontu publikoak

Hego Euskal Herriko administrazioek superabita izan zuten 2021. urtean

Jaurlaritzak 1.877 milioi euroko soberakinarekin hasi zuen urtea. Pandemia hasi zenetik ia 2.000 milioi euroko zorra pilatu du Jaurlaritzak, baina Nafarroak 135 milioi baizik ez du handitu.

Maria Txibite eta Iñigo Urkullu lehendakariak, agerraldi bateratu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 31
13:16
Entzun

Asteak pasatu ahala are gehiago nahaspilatzen ari da 2022. urtea, industriaren hornidura arazoei inflazio handia eta Ukrainako gerra batu zaizkiolako. Euskal erakundeek, ordea, beren kutxan dirua dutela egingo diete aurre erronkei. Hazkunde ekonomiko sendoaren eskutik, kontu publikoak orekatu zituzten iaz Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Gasteizko administrazioak 602 milioi euroko superabita izan zuen, barne produktu gordinaren %0,84; Iruñekoan, berriz, gastuak 269 milioi euro txikiagoak izan ziren diru sarrerak baino, eta superabita BPGaren %1,3ra itzuli zen.

Jaurlaritzaren kasuan, ogasunek zergetan uste baino diru gehiago bildu ahal izan zutelako eta gobernuak aurrekontuetan zituen 605 milioi euro gastatu gabe utzi zituelako izan da halako superabita. Aurreko urteetako soberakinari batuz gero, Jaurlaritzak kutxetan 1.877 milioi euro zituela bukatu zuen 2021. urtea, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo azaldu zuenez.

Pandemiaren gastu gehigarriak estali behar zituenez, Osasun Saila gai izan zen bere aurrekontuaren %100 gastatzeko, eta ez zen urrun geratu Hezkuntza Saila, %99 gastatuta. Kontrako aldean, Ekonomiaren Garapenak aurreikusitakoaren %82 gastatu zuen, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak, berriz, %84, inbertsio batzuk atzeratu zirelako.

Diru hori pandemiak sorrarazitako beharrei erantzuteko baliatu behar zela salatu dutenei erantzun die Azpiazuk, ziurtatuz «koltxoi» egokia izango dela «testuinguru sozioekonomiko konplexu bati» erantzuteko. Aurtengo arazoei bizkor erantzuteko ez ezik, Iñigo Urkulluk eta hiru ahaldun nagusiek asteazkenean aurkeztutako inbertsio plana hornitzeko ere erabiliko dute gerakina. Azpiazuk ez du uste, ordea, aurtengo aurrekontuaren balizko zuloa estaltzeko erabili beharko dutenik; zerga bilketaren iragarpen «oso zuhur» bat egin zuten, eta, hortaz, aise beteko dituzte aurrekontuak.

COVID funtsen ekarpena

Sarrerei dagokienez, foru ogasunek Jaurlaritzari egindako ekarpena 10.830 milioi euro izan zen, eta Jaurlaritzaren beraren diru sarrerak 650 milioira iritsi ziren (tasak, isunak...). Baina ezohiko bi diru sarrera izan zituzten Jaurlaritzaren kutxek: Espainiako Gobernuak emandako COVID funtsetatik 740 milioi euro iritsi ziren Gasteizera, eta beste 344 milioi EBren Berreskuratze eta Erresilientzia Tresnatik.

Gastuei dagokienez, Azpiazuk nabarmendu du azken bi urteetan Jaurlaritzak «inbertsio publikoaren aldeko apustu sendoa» egin duela, EBk lehenik eta Espainiako Gobernuak ondoren kontuak orekatzeko aginduak eten ondoren. Horren adibidetzat jarri ditu martxoan onartu zutela eskualde batzuetan (Aiaraldea, Oarsoaldea, Ezkerraldea eta Enkarterri) 180 milioi euro inbertitzeko programa; horretatik, 2021ean 62 milioi euro ziren inbertitzekoak, eta %96,6 jada exekutatu dira.
Irailean, berriz, aparteko inbertsioen programa (250 milioi) onartu zuen gobernuak: 170 milioi ziren iaz gastatzekoak, eta %82 exekutatu dira.

Inbertsio arruntei dagokienez, aurrekontuetan agertzen ziren 1.300 milioi euroren inbertsioetatik 1.077 milioi exekutatu ziren, hau da, %83. «2021ean exekutatu ez ziren diru sailak 2022ko aurrekontuan gehitu dira, sailek planteatutako proiektuekin jarraitzeko asmoz».

Zorra, gora eta behera

Oso bilakaera desberdina izan dute Hego Euskal Herriko bi gobernu nagusien kontuek. Espainiako Bankuaren datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak 11.172 milioi euroko zorra zuen 2021eko azken hiruhilekoaren amaieran, urtebete lehenago baino 387 milioi gehiago. Egia da azken hiruhilekoan zorra ia 300 milioi jaitsi duela, baina oraindik pandemiaren aurreko mailatik oso gora dago: 2020ko martxoaren amaieran 8.976 milioi zor zituen, orain baino 2.196 milioi gutxiago.

Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du zulo handirik egin pandemia izan den urteetan. 3.011 milioi euro zor zituen COVID-19a zabaldu aurretik, eta 3.146 milioi gehiago orain (+135 milioi). Are gehiago, 2021eko suspertzea baliatu du zorra 471 milioi euro arintzeko.

Bilakaera desberdin horren ondorioz, zor batek eta besteak duten pisu erlatiboa asko parekatu da. Euskal Autonomia Erkidegoak bere barne produktu gordinaren %15,6 zor du, eta Nafarroak, berriz, %15,2. Espainiako Bankuak erkidegoen zorra neurtzen duenetik, 2003tik, lehen aldia da Iruñeko administrazioaren zorra txikiagoa dela Gasteizkoarena baino.
Hein batean, bi erkidegoen ekonomien azken bi urteetako bilakaerak azaltzen du hori. Izan ere, Nafarroako BPGa gutxiago erori zen 2020an (-%8,3) EAEkoa baino (-%9,9), eta gehiago hazi zen 2021ean (+%5,9 eta +%5,6, hurrenez hurren).

Gainera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak benetan duten zor publikoa are handiagoa da, hiru foru aldundiena batuz gero. Espainiako Bankuak 3.365 milioi euroko zorra adjudikatu die, 2020 amaieran baino 353 milioi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.