IKASLE MUGIMENDUA

Protesta egin dute Ikasle Abertzaleek Gasteizen, martxoaren 24ko atxiloketak salatzeko

Greba eguneko istiluak txarretsi eta kalte materialak 55.000 eurorenak direla esan du EHUko errektoreak.

Ikasle Abertzaleen protesta gaur, Gasteizen. IKASLE ABERTZALEAK
2022ko martxoaren 31
14:04
Entzun

Ikasle Abertzaleek deituta, dozenaka gaztek manifestazioa egin dute gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campusean, «errepresio poliziala salatzeko».

Zehazki, iragan martxoaren 24ko greba eguneko protestetan atxilotutako gazteen «erabateko absoluzioa» eta egun hartako gertaerengatik jartzen ahal zaizkien isunak bertan behera uzteko exijitu dute Ikasle Abertzaleek. Horrez gain, mahai bat osatzeko ere galdegin diote EHUko zuzendaritzari, «Poliziak unibertsitatean duen presentziaz hitz egiteko».

Martxoaren 24rako grebara deitu zuten Ikasle Abertzaleek, Espainiako Gobernuak ezarritako hezkuntza erreformen aurka. Mobilizazio horien barruan, Gasteizko campuseko piketeetan parte hartzen ari ziren 34 gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «desordena publikoen delitua leporatuta».

Eva Ferreira errektorea: «Ulergaitza da ondasun publikoak suntsitu izana»

Hain zuzen, greba eguneko istiluen gaineko balorazioa egin du EHUko errektore Eva Ferreirak. Haren esanetan, «gazteen gutxiengo bat» sartu zen Gasteiz, Bilbo eta Donostiako campusetara, «pintaketak eginez eta altzariak apurtuz». EHUko zuzendaritzak jakinarazi du 55.000 euroren kalte materialak eragin zituztela protestek. Ferreiraren aburuz, «ulergaitza» da hezkuntza publikoaren aldeko protesta batean «ondasun publikoak suntsitzea». «Herri honetako pertsona guztien ahaleginak eusten dio unibertsitate publikoari, bai unibertsitatera joan daitezkeenen esfortzuak, baita horretarako aukerarik izan ez dutenenak ere», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.