Enpresak

Uvescok 936 milioi euroko fakturazioa lortu du 2021ean, eta 263 lanpostu sortu ditu

Irungo banaketa taldeari zertxobait apaldu zaizkio salmentak 2020 historikoaren aldean (954 milioi), baina hazten jarraitu du, eta dagoeneko 5.927 langilek dihardute haren supermerkatuetan, azken urtean beste 263 kontratu egin ondoren.

Jose Ramon Fernandez de Barrena, Uvescoko zuzendari nagusia. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2022ko apirilaren 4a
11:45
Entzun

Pandemiaren gordinaren urtean ia supermerkatu talde guztiek izan zuten gorakada handia, itxialdiak kontsumo moldeak aldatu zituelako. Irungo (Gipuzkoa) Uvesco taldeak, ordea, 2020. urtean irabazitako merkatu kuotari eustea lortu du 2021ean. Fakturazioa zertxobait apaldu da BM eta Super Amara supermerkatuetan, 954 mlioi eurotik 936 milioira jaitsi baita, baina kopuru hori nabarmentzekoa dela uste du Uvescok, 2020ko %23ko igoeraren zatirik handienari eutsi diolako.

Ez alferrik, beste hemeretzi saltoki zabaldu ditu azken urtean, eta 236 langile gehiago hartu ditu lantalderako. Dagoeneko, 5.927 beharginek dihardute Uvescoren supermerkatuetan, gehienak Euskal Herriko sarean. Aurreikuspenak gainditu dituela azaldu du enpresak, «ziurgabetasunak markatutako urte konplexuan». Aurtengo ekitaldian, berriz, bederatzi irekiera gehiago aurreikusi ditu hedapen-planari jarraiki.

«Aldian aldiko baldintzetara egokitzen ikasi dugu azken bi urteotan, zerbait ikastekotan eraginkortasunez erantzuten eta, batez ere, zorroztasunez eta arduraz jokatzen gure negozio ideiarekin, produktuen kalitatearekin eta bezeroarentzako zerbitzuarekin, baita pertsonen segurtasun eta ongizatearekin ere», esan du Jose Ramon Fernández de Barrena Uvesco taldeko zuzendari nagusiak.

PAI Partners funtsaren etorrera

Iazko hondarrean ezagutarazi zuten Uvesco atzerriko funts baten esku geratu dela. Arrakastak funts handiak erakarri ohi ditu, eta, Irungo enpresari dagokionez, Frantziako PAI Partners inbertsio funtsa izan da haren eroslea. Uvesco taldearen kapitalaren gehiengoa eskuratu du, eta, beraz, BM eta Super Amara supermerkatu katearen akzio gehienak harenak dira. Hala, banaketa enpresaren erabakigunea Irundik (Gipuzkoa) Parisera lekualdatu da.

Iaz zabaldutako hemeretzi saltokiei dagokienez, obra berrikoak izan dira zazpi, bost Madrilen, eta bana Logroñon eta Castro Urdialesen. Era berean, Condis kateari beste hamabi denda erosi dizkio Madrilen. Horrez gain, hamabost supermerkatu eraberritu ditu Hego Euskal Herrian, BM ereduari eutsi ahal izateko. Eta beste zazpi frankizia jarri ditu martxan. 65 milioi euroko inbertsioa eskatu dute operazio horiek guztiek.

Uvescock dio tokiko hornitzaileen aldeko konpromisoa «sendotu» egin duela, eta ohiko hornitzaileekin «lankidetzan» aritu dela, «horien produktuak erakusmahaietan ikusgai jarriz eta erreferentzia berriak gehituz». 2021ean, 240 milioi euroko inbertsioa egin du erosketa arloan, tokiko 400dik gora hornitzailerekin; atal hortetan inbertsio mailari eutsi dio 2020arekin alderatuta.

2022rako planak

Eta aurrera begira, zer? Bada, Frantziako PAI Partners funtsaren eskua nabarituko den ala ez argitu beharko du Uvescok datozen hilabeteetan. «Asmo handiko proiektuarekin jarraitu eta datozen urteotarako hazkunde eta hedapen planak indartzeko aukera erraztuko du», Irungo banaketa enpresaren ustez, funts handiaren etorrerak. «Aurtengo hazkunde planak hiru ardatz ditu: denda gehiago jartzeko inbertsioa, konfiantza emango duten instalazio eta espazio hobeak egitea; tokiko produktuaren aldeko apustua handitzea; eta berrikuntza eta digitalizazioaren aldeko konpromisoa izatea, maila logistikoan zein erosketa esperientzia hobea izateko asmoz, bezeroei balioa erantsiz ingurune fisikoan nahiz digitalean». Gauzak horrela mila miloi euroko fakturazioa espeo du taldean 2022rako.ç

Kopuru zehatzetan sartuta, 35 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du, bederatzi supermerkatu irekitzeko eta beste erreforma jarduera batzuk egiteko. Supermerkatu berriak Gasteizen, Sopelan (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa), Torrelavegan (Espainia), Zizur Nagusian (Nafarroa) eta Madrilgo lau lekutan kokatuko dira. Horrekin batera, Bizkaiko bi supermerkatu handitu eta osorik hobetzeko lanak egingo ditu Uvescok, joan den urtarrilean suak hartu zuen Colindresko BM supermerkatua goitik behera eraberritzeaz gain. Halaber, BM Shop frankiziaren garapenaren barruan, hamar proiektu berri abian jartzea aurreikusi du, «ekintzaile berrien eremuan».

Uvescok esplikatu du nabarmentzekoa dela online dendaren garapena; «izan ere, pandemia garaian, berealdiko bultzada izan eta erosteko aukera berria bihurtu da pertsona askorentzat. Kanal horren emaitzak halako hiru dira pandemia baino lehenago zirenen aldean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.