Energien garestitzea

Gasolindegiek lehen aurrerakinak jaso dituzte

Foru ogasunek aurreratu dute dirua, eta Espainiako Gobernuak uztailean itzuliko die. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 70 zerbitzugunek jaso dute.

Donostiako gasolindegi bat, aurreko ostiralean, deskontuak ezarri ren lehen egunean. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 5a
13:33
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak lehen ordainketak egin dizkie astearte honetan lurraldeko zerbitzuguneei, erregaiaren azken prezioan litroko 0,20 euroko beherapenaren aplikazioa konpentsatzeko. Ogasunak jakinarazi duenez, 4,8 milioi banatu ditu 26 gasolindegitako jabeen artean. Gaineratu du joan den ostegunetik gaur arte 50 eskaera jaso dituela, eta ordainketa horiek egiten jarraituko duela.

Arabako Foru Aldundia, berriz, ostegun honetan hasiko da aurrerakinak ordaintzen: orain arte 20 eskaera jaso ditu, eta 844.000 euro banatuko ditu. Ostiralean eskegi zuen inprimakia. Gauza bera egin zuen Gipuzkoako Aldundiak ere, eta jakinarazi du «datozen egunetan» itzuliko dituela aurrerakinak, zerbitzuguneekin batera «lanean» ari dela. Jakinarazi duenez, 24 gasolindegik egin dute eskaera, eta 3,1 milioi euro aurreratuko ditu. Nafarroako Gobernuak aste honetan hasi nahi du ordainketekin. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurreko astean aurreratu zuen lehen hilabetean neurriak hamar milioi euroko kostua izango duela.

Erregaien deskontuaren aplikazioa arazo bat izaten ari da zerbitzugune askorentzat, txiki eta ertainentzat bereziki, likidezia arazoengatik diru asko aurreratu behar dutelako. Arazo hori ez izateko, aurrerakin bat emango die Espainiako Gobernuak, eta foru ogasunen bitartez egin beharko dituzte eskaerak. Dena den, aldundiek aurreratu beharko dute lehenik, eta Madrilek uztailean itzuliko die dirua, neurria indargabetzean.

Zerbitzuguneek, berriz, hilero egin beharko dute eskaera: 2021ean saldutakoaren hileko batez besteko bolumenaren %90 jasoko dute, eta, ondoren, erregistratu duten benetako bolumenarekin doituko da. Aurreratutako ordainketa horrek baditu muga batzuk: ezin izango da bi milioi eurotik gorakoa izan, ezta 1.000 eurotik beherakoa ere.

Zergak ordaintzeko malgutasuna

Hiru aldundiek onartu dituzte joan den astean elkarrekin hartutako neurri fiskalak martxan jartzeko dekretuak. Funtsean, autonomoei eta enpresei zergak ordaintzeko malgutasuna ematea dute xede. Alde batetik, aukera izango dute zergen ordainketa interesik gabe geroratzeko. Gipuzkoari dagokionez, Eider Mendoza bozeramaileak azaldu du apirilaren 1etik aurrerako autolikidazioei aplikatuko zaiela, eta ordainketa itzultzeko hiru hilabeteko gabealdiaren ondoren egingo dela, seihilekotan.

Bigarren neurria da 2022ko lehen bi hiruhilekoetan autonomoentzako PFEZ pertsona fisikoen errenta zergaren ordainketa zatikatuak egiteko betebeharretik salbuestea.

Eta hirugarren neurria da forfait edo justifikatu gabeko gastuen batezbestekoa handitzea, PFEZ pertsona autonomoentzat eta sozietateen gaineko zerga enpresa txikientzat. Lehen kolektiboari dagokionez, Gipuzkoan autonomoek hilabete honetatik aurrera jasoko dute laguntza fiskal hori, Mendozak adierazi duenez.

Gastuaren forfait delakoa autonomoek beren jardueraren errendimendua kalkulatzean aplikatzen duten ehuneko finko bat da, baina ez da zergapetzen. Hala, tasa orokorra %10etik %15era igoko da (bai PFEZean, bai sozietateetan), eta intentsitate handiagoa izango du krisiak kalte handien egindako sektoreetan: garraiolariei dagokienez, muga %45etik %70era igo da; nekazaritza eta abeltzaintzarena, 30.000 eurotik gorako eragiketa bolumenak dituztenentzat, %35etik %70era; eta nekazaritza eta abeltzaintzarena, 30.000 eurotik beherako eragiketa bolumenak dituztenentzat, %75etik %90era.

Aldundiek kalkulatzen dute neurri horiengatik 160 milioi euro gutxiago bilduko dituztela aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.