Sindikatuak

ELAk atea itxi dio errenta paktuari

Mahai horrek «soldatak ez igotzeko» balio duela salatu du sindikatuak, eta bere harridura onartu du, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hura defendatzen ari direlako.

jarraia211884.jpg
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko apirilaren 6a
14:38
Entzun

«Errenta paktuan ez zaigu ezer galdu. Patronalarekin biltzea da soldatak ez igotzeko. Ez gaitzatela han bilatu. Foro horietan denbora eta sinesgarritasuna baino ez da galtzen». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak argi utzi du zein den sindikatuaren jarrera Euskal Herrian antola daitekeen errenta paktu bat dela eta. Azken egunetan aukera horren oihartzuna handitu da, batetik, hezkuntza itunean alderdi politikoek lortu duten adostasunarengatik, eta, bestetik, iragan asteburuan Arnaldo Oregi EH Bilduko koordinatzaileak eginiko adierazpenengatik. Lakuntzak haren jarrera kritikatu du: «Ez gaitu harritzen patronala hor egotea, baina bai EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ezkerreko alderdiak».

ELAk prekaritatearen aurkako kanpaina abiatzeko antolaturiko ekitaldian azaldu du bere jarrera Lakuntzak. Casilla pabiloian izan da, Bilbon, Confebasken egoitzaraino eginiko manifestazioaren aurretik. Euskal Herrian 541.000 langile prekario daudela kalkulatu du ELAk, eta hori «arazo soziala» dela iritzi dio. Sindikatuaren ustez, prekario dira, besteak beste, lanaldi partziala dutenak edota 1.300 eurotik behera irabazten dituztenak. Lakuntzak nabarmendu du haren aurka borrokatzea izango dela sindikatuaren lehentasuna hurrengo urteetan, eta greba erreminta garrantzitsua izango dela.

Gaiari jarraikiz, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari erantzun dio. Idazkari nagusiak gogoratu du Tubacexeko gatazkan Tapiak esan zuela grebek «ospe txarra» ematen ziotela Euskal Herriari, eta Lakuntzak galdera erretoriko batekin erantzun dio: «Tapia anderea, 60.000 langile publiko behin-behinean egoteak ez al du ospe txarrik ematen Euskal Herriari? Langileen baldintza kaskarretan oinarrituriko zaintza sistema batek ez al dio ospe txarrik ematen? Eta Osakidetzako langileen egoerak?». Lakuntzak gehitu du prekaritateak ematen diola ospe txarra Euskal Herriari ospe txarra ematen diona, «eta bizi txarra», gehitu du.

Prekaritatea, baina, lanpostuetatik harago hedatzen da, eta «gizarte prekaritatea» salatu du. «Dena gerrarengatik dela esaten digute. Eta ELA ez du ukatzen gerrak eragina duela, baina arazoa aurretik zetorren». Besteak beste, erregaien espekulazioa eta argindarraren igoera aipatu ditu, eta «iruzurra» direla salatu. «Iberdrolak 3.800 milioi euro irabazi zuen iaz, eta haren presidenteak, berriz, hamahiru milioi euro. Hori iruzurra da, eta erakunde publikoek iruzur hori ahalbidetzen dute». Horri aurre egiteko onarturiko neurri publiko bakarra zergak jaistea dela nabarmendu du.

«Finkoz mozorroturiko prekaritatea»

Ekitaldian ELAko beste arduradun batzuek hartu dute parte. Mari Kruz Elkoro zerbitzu federazioko idazkariak, esaterako, lan erreformaren berritasunetako bat kritikatu du: «Kontratu finko kopurua igo dela diote. Baina asko jarraitutasunik gabeko finkoak dira. Finkoz mozorroturiko prekaritatea da, ondo dakite hori Bizkaiko eta Nafarroako kontserben sektoreko langileek». Horri aurre egitea justizia sozialaren aldeko borroka dela nabarmendu du, eta, alde horretatik, erresistentzia kutxa ezinbesteko erremintatzat jo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.