Trenbideak

Egitasmo bat jarri dute abian egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatzeko

AHT abiadura handiko trenaren linea berriek eragin dieten 35 erakundetako ordezkariek manifestu bat adostu dute. Egungo trenbide sarea «birpentsatzeko garaia» iritsi dela ondorioztatu dute, salgaien eta bidaiarien garraioari irtenbidea ematekoa.

AHTaren aurkako protesta bat. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ/ FOKU
unai etxenausia
2022ko apirilaren 7a
18:11
Entzun

Araba eta Nafarroako hainbat erakundek egitasmo instituzional bat jarri dute abian egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatzeko. Are, egungo trenbide sarea «birpentsatzeko» eskatu dute, salgaien eta bidaiarien garraioari benetako irtenbidea emateko, «joan-etorrietako denborak hobetu eta lurralde kohesioa eta egituraketa errazteko». 35 toki erakundetako ordezkariek hartu dute parte. Manifestu bat eztabaidatzen ari dira kaltetutako herrietan.

Altsasuko trenbide zatian, adibidez, erakunde eta instituzio asko AHTaren proiektua «inoiz baino gehiago ari dira zalantzan jartzen», erakundeek azaldu dutenez: «Azkena Europako Batasuna izan da, Europa barneko garraio sarearen araudiaren berrikuspenaren baitan proposatzen baitu abiadura handiko linea horiek jarri ordez egungo trenbide azpiegiturak modernizatzea». Halaber, Europako Kontu Auzitegiak ere adierazi zuen proiektatutakoa ez dela 2030era arte amaituko.

Hori ikusita, egitasmoa sustatzen duten erakundeek konpromisoa hartu dute gizarte mugimenduekin batera lanean jarraitzeko: «Gure lurraldearekiko errespetuzko konponbidea eskuratu eta gure bizilagunen mugikortasun beharrak aseko dituen soluzio bat lortu arte».

Azkenik, gogora ekarri dute trenaren aldeko herri plataformek eta Espainiako ordezkari sindikal nagusiek 2021eko maiatzean sinatutako akordioa. Bertan, Espainiako Gobernuari eskatzen zioten trenbidearen egungo trazadurak egokitu eta hobetzeko, baita egungo trenbide proiektuen plangintza bideratzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.