Hezkuntza

Seaskako Integrazio Batzordeak sekula baino behar handiagoak ditu

Seaskako ikasle ezberdinen inklusiorako elkarteak kanpaina berria hasi du: 162 haur ditu inklusioan eta 176.000 euro bildu behar ditu beharrei buru egiteko. Estatuak laguntzak murrizten ditu.

Seaskako Integrazio Batzordeko eta Seaskako ordezkariak. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2022ko apirilaren 8a
11:27
Entzun

Sekula baino behar handiagoak dituen Seaskako Integrazio Batzordeak, kanpaina berria abiatu du, Elkarrekin, urrunago goaz! leloa harturik. Helburua: 176.000 euroren erdiestea, Seaskako ikastoletan elbarri diren haurren inklusioa laguntzeko. Azkar emendatu dira laguntzaile baten jarraipena behar duten ikasleak. Aurten, denetarat 162 dira.

Iaztik ikusi zen emendatze azkarra. 2020ko sartzean, 118 ikasle zituzten inklusioan, eta ikasturtea 150ekin bukatu zuten ikastoletan. Aurten, punpa bat gehiago egin du kopuruak, eta beharrak azkarki emendatu zaizkio inklusio lan hori eramaten duen Integrazio Batzordeari. EEIL, Elbarritasun Egoeran diren Ikasle Laguntzailerik ez da aski, eta, gehiago dena, Frantziako Hezkuntza Ministerioak horien ordaintzeko iturria moztu du. “Urte guziz hola da; ez dakigu sekula horien baliabideak zertan diren. Aurten ukan dugu berri txarra: urtarriletik ez zela gehiago baliabiderik izanen ikasturte bukaera arte”, erran du Maiena Etxeberrik, Integrazio Batzordeko aholkulariak.

Ez da Frantziako Estatuak gibel egin duen eskumen bakarra. Horra arte, inklusiorako laguntzaileek jantegiko tenoreetan zeramaten lan tartea pagatzen zuen, eta deliberatu du ez gehiago egitea. “Lurralde kolektibitateei dagokiela erabaki du”, dio Etxeberrik. Baina Seaskak ikasle ezberdinak dituzten ikastoletako herriko etxeei gutuna igorri die, baina momentuko ez dute “erantzun baikorrik” errezibitu.

Arazoa da Pertsona Elbarrituen Departamenduko Etxeak (frantsesez, MDPH) segitzen duela laguntza beharretan diren haur berrien seinalatzen. “MDPHk bi aste guziz txosten batzuk pasatzen ditu batzordean, eta baimenak ematen. Familiek baimenak eskuratzen dituzte etxean, baina Hezkuntza Ministerioak argiki erran du ez zuela gehiago lagunduko”, azaldu du Etxeberrik. Ondorioz, Integrazio Batzordeak bere gain hartzen ditu postu horiek. Hortik, diru behar gotorra.

Ofizio prekarioa

Beste zailtasun bati buru egin behar dio, gainera. Bost EEIL postu betegabeak egon zaizkio ikasturte honetan horien betetzeko hautagaitza eskasez. Damurik, ikasle batzuk laguntzailerik gabe dira ikasturte hastapenetik eta irakasleak denak eraman behar ditu gelan. “Ohar hori orokorra da, bai Seaskan eta bai Seaskatik kanpoko eskoletan ere”, jakinarazi du Etxeberrik.

Hautagaitzak ez agertzeari buruz, arrazoi bat baino gehiago ikusten dizkio: “Arrazoirik handiena da lana ez dela baloratua. Soldata arrunt ttipia da. 750 euro irabazten dituzte hilabetean”. Frantziako Hezkuntza Ministerioak finkatu saria da dagokion oren kopuruarekin: 25 oren. “Segur naiz soldata emendatuz hautagaitza gehiago genituzkeela”.

Sari handiagoa eta egin jarraipen lanaren ezagupena falta direla dio aholkulariak. “Laguntzaile horiek gabe —klase handietan direlarik sustut—, irakasleak ezin du inklusioan den haurra bururaino segitu. Beraz, laguntzailearen behar handia bada”, dio, argiki, Maiena Etxeberrik.

Inklusiorako elkarteak enpresa partaideak, Integrazio Batzordeak berak eta ikastoletako batzordeen bidez antolatu herri ekimenak ditu diru iturriak.

Informazio eta harremanetarako: info@integrazio-batzordea.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.