EGI Eguna

Ortuzar, GKSz: «Aretoko iraultzaileak dira», «burgesiaren seme-alabak, burgesak bezala bizi direnak»

EAJko gazteak EGI Eguna ospatzen ari dira Azkoitian. Sabino Arana eta Xabier Arzalluz izan dituzte gogoan ekitaldi politikoan.

Andoni Ortuzar, Ana Azkoitia eta Amaia Larrañaga, EGi Egunean, goizean. ANDONI CANELLADA, FOKU
2022ko apirilaren 9a
13:50
Entzun

EGI Eguna ospatzen ari dira gaur EAJko gazteak Azkoitian (Gipuzkoa). 12:00etan egin dute ekitaldi politikoa, eta Xabier Arzalluz urte askoan EAJko presidente izandakoa gogoratu dute. Ekitaldian izan dira Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Amaia Larrañaga EGIko kidea, eta Ana Azkoitia, Azkoitiko EAJren alkategaia. Hirurek izan dute gogoan Arzalluz, eta oholtzan haren hainbat adierazpen eta irudi izan dira ikusgai. Gainera, haren hitzaldi baten zati bat eman dute bideoz.

Ortuzarrek hitza hartu duenean Sabino Aranaren pausoak jarraitzera deitu ditu gazteak: «Zuotako bat bezalakoa zen, eta begira zer-nolako nahaspila sortu zuen». Ortuzarrek gaineratu du «Euskadi» gaur egun dena izatera iritsi dela Arana konturatu zelako euskalduna zela, «eta soilik euskalduna». «Bilboko mutiko haren jarrerarekin bat egitera» deitu ditu EAJko gazteak, eta misio harekin aurrera egitera: «Sabinok XX. mendeko Euskadi amestu zuen; zuei dagokizue orain XXI. mendeko Euskadi egitea».

GKS, «aretoko iraultzaileak»

Ortuzarrek hitz gogorrak izan ditu GKSrentzat ekitaldian. Joan den astean Azkoitian bertan pankartan batean Aberria Gorria aldarrikatu zutela esan du, eta «ezker abertzalearen gazte disidenteen mezuak» askatasunaren kontrakotzat jo ditu. «Beraien helburua ez da Euskadi askea. Beren helburua Euskadi gorria da. Beren proiektuan Euskadiren etorkizuna mutilatzen dute, zuria eta berdea kentzen diote, eta Euskadirentzat kolore bakarreko etorkizuna proiektatzen dute, Sobiet Batasunean dagoeneko porrot egin duena».

EAJk bidali duen oharrean azaldu duenez, Ortuzarren ustez GKSkoak «hitz hutsak dira, iruzur bat: burgesiaren seme-alabak, burgesak bezala bizi direnak». Eta «areto iraultzaile» esan die. Putinen lagunak izatea ere leporatu die, eta Ukrainako gerran arreta desbideratu nahi dutela esan du. «Beren Putin miretsiak Ukrainan egiten ari dena genozidioa da, basakeria, guri duela 85 urte Gernikan, Durangon, Otxandion egin ziguten bezala. Orduan ere propaganda frankistak esan zuen gure gudariak izan zirela Gernikari su eman ziotenak. Halako gehiagorik ez! Horregatik, joan daitezela Aberri Gorriaren proiektuarekin Kremlinera, hemen guk Euskadi libre bat nahi baitugu, koloretako Euskadi bat: gorria, berdea eta zuria», esan du EAJko EBBko presidenteak.

«Guk nahi dugun Euskadik denentzat izan behar du eta askatasunean oinarrituta egon behar du. Euskadi koloreaniztuna, eta ez gorri hori, gure inguruan eta kanpoan ere, errugabeen odolarekin egin dena», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.