Mendebaldeko Sahara

Fronte Polisarioak harremanak eten ditu Espainiako Gobernuarekin

Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundeak Pedro Sanchezi egotzi dio Sahara erabiltzea Marokorekin dituen «negozio miserableetarako». Espainiako presidentea Mohamed VI.arekin elkartu zen ostegunean.

Sanchez eta Mohamed VI.a, ostegunean, Rabaten. MOHAMED SIALI / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 10a
18:50
Entzun

Saharako Fronte Polisarioak Espainiako Gobernuarekin zituen harremanak hautsi ditu. Martxoaren 19an jakin zen Madrilek bat egin zuela Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen autonomia planarekin, eta ordutik gobernuak erakutsitako jarrerak bultzatu du erabakia.

Ostegunean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak beste urrats bat egin zuen Marokorekin dituen harremanak hobetze aldera: Mohamed VI.a Marokoko erregearekin bildu zen Rabaten, eta «bien arteko harremanaren aro berria gidatuko duen eskuorria» adostu zuten. Urtea amaitu aurretik bi herrialdeen arteko goi bilera bat ere egingo dutela jakinarazi zuten.

Fronte Polisarioak zabaldu duen oharrak dioenez, harremanak etetea erabaki dute, Espainiako Gobernuaren azken urrats horiengatik: «Sanchezen gobernua Sahara erabiltzen ari da Maroko okupatzailearekin negozio miserableak egiteko». Gogoratu dute Espainiak ardura zuzena duela Mendebaldeko Sahararekin, lurraldearen kudeatzaile gisa. Fronte Polisarioa autonomiaren planaren kontra agertu da beti, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari beste behin eskatu dio Minurso misioa gauzatzeko, eta Sahara Mendebaldean autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko.

Azkenik, askapen mugimenduak eskerrak eman dizkie Espainiako Kongresuan babesa erakutsi dioten indar politikoei eta gainontzeko elkartasun mugimenduei, «gobernuari gogorarazteagatik nazioarteko legedia errespetatu behar duela Saharan, eta autodeterminazio eskubidea errespetatu behar duela».

Ikusi gehiago:Mohamed Limam: «Espainiak traizio egin dio beste behin Mendebaldeko Saharari»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.